Donostiak 13 Haurreskola ditu behin Aietekoa irekita

Zentroak 21 plaza ditu eta bi unitateetan banatuta daude: 0 eta 1 urte bitarteko haurrentzako 8 plaza, eta 1 eta 2 urte bitarteko 13 plaza.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Aietek haurreskola berria du urtarrilaz geroztik. Azkaratene eraikineko – Puio kalea 5 – beheko solairuan dago, bi unitate ditu eta 21 haurrentzako tokia eskeintzen du – 0 eta 1 urte bitarteko haurrentzako 8 plaza, eta 1 eta 2 urte bitarteko 13 plaza –.

Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkaratek, Haurreskola Partzuergoko zuzendari Maite Larrañagak, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzako arduradun Gema Gonzalez-Txabarrik Aieteko auzotarrei zerbitzu ematen dien haurreskola berrian izan dira.

Haurreskola Azkarateneko eraikinean ireki da, behin Aiete Ikastetxeak erabiltzen zuen beheko solairua hustuta. Gogoratu behar da, Aiete Ikastetxeak eraikin berria duela Aieten bertan. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalarekin eta Haurreskola Partzuergoarekin sinatutako hitzarmenaren harian, beheko solairua haurreskolari bost urtez utzi dio.

Aieteko Haurreskolak Aiete Ikastetxeko 2 eta 3 urteko haurrekin partekatzen du eraikina. Azken hauek lehendabiziko solairuko hiru geletan hartzen dituzte eskolak. Horrenbestez, Haurreskolatik Aiete Ikastetxean matrikula egiten duten haurrek lehendabiziko hiru urteak Azkaratenen ematen dituzte eta, ondoren, Arostegi kaleko Ikastetxearen eraikin berrira pasatzen dira. Hiru arduradunak oso pozik daude lekuaren egokitzapena dela eta, izan ere, haurreskola guztiz irisgarria da.

Haurreskola Partzuergoko zuzendari Maite Larrañagak adierazi du, lehendabiziko hiru hilabeteetan 15 haurrek izena eman dutela eta zifra hori pozik egoteko modukoa dela. Larrañagak gogorarazi du, Aietekoa Donostian irekitzen den 13. haurreskola dela eta, beraz, egun Donostian 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako 600 plaza daudela.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzako arduradun Gema Gonzalez-Txabarrik azpimarratu du, haurreskolaren irekierak erakusten duela erakundeen arteko elkarlan eta harreman ona, hain zuzen ere, Donostiako auzoetan zerbitzu hobeak ematen jarraitzeko elkarlan eta harreman ona.

Bestalde, Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkaratek esan du, hiru erakundeek elkarlanean jarraituko dutela beharrei erantzuteko eta haurreskola berriak egiteko edo daudenak handitzeko aukerak aztertzeko. Horren harian, Azkaratek aditzera eman du, 2017ko aurrekontuan aurreikusita dagoela Jolastokietan haurreskola egiteko aurrekontu-saila.

2017/03/31-an argitaratua