Artea eta Giza Eskubideak, Haur eta Gazteen 13. ekitaldiaren sari banaketa

Donostiako Udalak sari banaketa burutu zuen lehengo igandean, apirilaren 30ean, Udaletxeko Pleno aretoan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Programa hau sentsibilizazio jarduera bat da, gai zehatz baten inguruan Donostiako eta Gipuzkoako gainerako hezkuntza-eragileekin batera haur eta gazteengan gizabidea, bizikidetasuna, askatasuna, errespetua eta elkartasuna bezalako balioak zabaldu eta sustatzeko, gazteek giza eskubideak ezagutzen, ulertzen eta defendatzen parte har dezaten.

Hamahirugarren edizio honetan, intimitatearen eta pribatutasunaren eskubidearen inguruan hausnartzeko eskatu zaie parte-hartzaileei, euren ondorio, ikuspuntu eta ideiak margolanen bitartez modu sortzaile batean adieraz ditzaten. Era honetan, Donostiako Udalak ikastetxeei, haurtxokoei, gaztelekuei, bestelako elkarteei eta hiritar guztiei oro har, deialdia egin die jarduera honetan aktiboki elkarlanean jardun dezaten, haur eta gazteak parte hartzera animatuz.

Aurten, 2.969 bakarkako eta taldekako lan aurkeztu dituzte parte hartu duten haur eta gazteek, euren hausnarketak hainbat tekniken bidez irudikatuz.

Aurkeztutako margolan gehienak Donostiatik iritsi dira, baina izan dira baita ere Bergaratik, Errenteriatik, Elgoibartik eta Pasaiatik ailegatu direnak. Aurtengoan, gainera, Saharatik etorritako haur batek ere aurkeztu du bere margolana, Oporrak Bakean ekimenaren bitartez.

Guztira 18 ikastetxe, 7 haurtxoko, 6 gazteleku, 4 arte akademia, 4 elkarte eta bere gisa aurkeztu diren beste 3 lagunen margolan eta muralak izan ditugu gure artean.

Sari banaketako jardunaldian Juan Ramon Viles zinegotzia eta epaimahaiko kideek banatu zituzten hautatutako parte-hartzaileen sariak. Epaimahaia ondoko hauek osatu dute: Xabier Baztarrika, pintore eta irakasleak; Elena Odriozola ipuin ilustratzaileak eta Ricardo Ramon, animazio filmen produktorea Dibulitoon enpresan.

Bestalde, aurtengo ekitaldian ere lan guztien erakusketa antolatu zen Victoria Eugenia Antzokiko erakusketa aretoan. Honetaz gain, “Bazen behin irudi bat...” liburuxka argitaratu da; eta honetan, betiko moduan, aurkeztutako lan guztien artetik epaimahai ofizialak hautatutako lan azpimarragarrienak eta saridunak agertzen dira. Argitalpen honen helburua da, hiri honetako eta beste batzuetako haur eta gazteen lan artistikoaren bidez haien irudimena, elkartasuna eta giza kalitatea ezagutzera ematea.

2017/05/02-an argitaratua