Kontsumoa arduratsua bultzatzeko 'Munduko Baratza' egitasmoa Haurtxokoetan

Kontsumo kontzientea eta arduratsua sustatzea helburu duten ekintzak burutuko dira hurrengo hilabeteetan zehar.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Proclade Yanapay Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundea, Hezi Zerb elkartearekin batera eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzazioari esker, Munduko Baratza egitasmoa garatzen ari da. Proiektu honen bidez kontsumo kontzientea eta arduratsua sustatu nahi da Gipuzkoako haur eta gazteen artean, jarrera eta jokabide aldaketa eraginez, kontsumo-ereduaren gizarte eraldaketa ekartzeko.


Egitasmo horrekin lotuta, Donostiako Haurtxokoetan ekintza desberdinak egingo dira hurrengo hilabeteetan.

Familiarekin Jolasean 5-11 urte bitarteko haurrek eta senideek “Bidezko Merkataritzara ezagutzen” ekimenean parte hartzeko aukera izango dute. Bidezko Merkataritzako produktuak ezagutu eta dastatzeko aukera izango da, eta ekintza eta jolas desberdinak egingo dira Bidezko Merkataritzara haurrak eta senideak gerturatzeko. Horretarako, data desberdinak zehaztu dira:
• Apirilak 1: Amarako Haurtxokoa
• Apirilak 8: Groseko Haurtxokoa
• Apirilak 29: Aieteko Haurtxokoa
• Maiatzak 6: Bidebietako Haurtxokoa
• Maiatzak 13: Egiako Haurtxokoa
• Maiatzak 27: Martuteneko Haurtxokoa
• Ekainak 10: Intxaurrondoko Haurtxokoa

Antiguoko Haurtxokora gerturatzen diren 8-11 urte bitarteko haurrek, aldiz, ekainaren 3an izango dute ekintza hori.

Horrez gain, Groseko Haurtxokoan 'Ipuinkontalaria' proiektua garatuko dute apirilak 26tik aurrera, bost saioetan. Ipuin kontalari baten laguntzaz eta haurren egunerokotasuneko kontsumotik abiatuta, dinamika ezberdinak erabiliko dira haurren hausnarketarako gaitasunak landu eta elkarrekin talde ipuin bat sortuz. Aipatutako ipuina publiko ezberdinen aurrean emanaldi moduan kontatua izango da.

Ekimenean parte hartuko dute:
Proclade Yanapai
Hezi Zerb elkartea
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

2017/03/30-an argitaratua