Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. Urteurrena

Giza eskubideak hirian zehar ikustarazi dira eta gazteentzako hainbat jarduera antolatu dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Mundu osoan ospatzen den nazioarteko egun honen 75. urteurrenean, Nazio Batuen Erakundearen helburuetako bat da Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala adin desberdinetako pertsonei ezagutaraztea eta Aldarrikapenak duen eta izan duen garrantziaz jakinaraztea.

Hori dela eta, abenduaren 10ean, igandea, Donostiako Udalak, Giza Eskubideen sailaren bitartez, nazioarteko egun hori aldarrikatzeko irudi bat sortuko du Kontxako hondartzan. Aurreikusten da, 8:30etako itsasbeheran irudia sortzen hastea eta 11:00ak aldera amaituko da.

Gainera, hiria eskubide desberdinez apaindu da. Alde batetik, Aiete jauregiko eta Udaletxeko fatxadetan olanak jarri dira, Nazio Batuen Erakundeak aurten proposatzen dituen diseinu eta esaldi desberdinekin. Bestalde, irailean, Kultur Etxe guztietan rol-upak jarri ziren Aldarrikapenaren hainbat artikulurekin. Rol-up horiek apaintzeko, “Artea eta Giza Eskubideak” edizio desberdinetako marrazkiak aukeratu dira, eta ekintza honen bidez eskerrak eman nahi zaizkie parte-hartzaileei, programa honen 20 urte hauetan giza eskubideetan izan duten inplikazioagatik.

Urteurreneko beste jarduerak


  • Beste behin ere, “Haur eta Gazteen Artea eta Giza Eskubideak” aurtengo edizioan, giza eskubideei buruzko marrazki polit eta zirraragarriak egin dira hainbat ikastetxetatik, arte akademietatik, elkarteetatik eta banaka parte hartuz.
  • Gazteriako sailarekin batera, Aieteko parkean “Giza Eskubideen Gune-Festa” antolatu zen ekainean, giza eskubideak aldarrikatzeko. Giza eskubideak hobeto ezagutu eta hauetara hurbiltzeko, egun berean Haurtxokoak hainbat tailer antolatu zituen, Afrikako musika eta dantzarekin lagunduta.
  • Ikastetxeetara zuzendutako “PaseARTE”, Giza Eskubideei buruzko ibilbideak urritik ikasturtea bukaera arte martxan daude. Honetan, bisitatu ahal izango dira Giza Eskubideen Aldarrikapenaren baloreez hitz egiten duten Donostiako hainbat artelan.
  • Aste honetan Hartxokoetara hurbiltzen diren haurrek ere, “Nire Lehen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala” liburuxka osatu eta margotu ahal izango dute gero etxera eramateko; eta Gaztelekuetan, “Txitak, Giza Eskubideen altxorraren bila” jokoan jolastu ahal izango da.

2023/12/07-an argitaratua