Parke eta lorategiak eta espaloien egoera, donostiarren kexa eta erreklamazio nagusiak

2016an, 13.856 komunikazio jaso ditu Donostiako Udalak, iaz baino %30 gehiago. Horietatik, 12.347, kexa, kontsulta eta iradokizunak dira, gehienak, Hiri Mantentze eta Zerbitzuen ingurukoak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiarrek Herritarren Postontziaren bitartez bidaltzen dituzten hamar kontsulta, kexa eta iradokizunetatik, zazpi Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Zuzendaritzak, Finantza Zuzendaritzak eta Mugikortasun Zuzendaritzak biltzen dituzte.

Juan Ramón Viles Gardentasuneko, Giza Baliabideetako eta Berrikuntzako zinegotziak aurkeztu du Donostiako Udalak eta haren Erakunde Autonomoek 2016an Herritarren Postontziaren bitartez jaso dituzten komunikazioei buruzko datuak biltzen dituen txostena. Hauek guztiak, udal webgunean (www.donostia.eus ), aplikazio mugikorrez, udal bulegoetan eta telefono bitartez jaso dira.

Herritarren postontziaren bidez, herritarrak Udalarekin harremanetan jar daitezke beren eskertzeak, kontsultak, jakinarazpenak, parteak, kexak, erreklamazioak eta iradokizunak helarazteko eta informazioa ere eska dezakete.

2016. urtean zehar 13.856 izan dira Donostiako Udalak jaso dituen komunikazioak, iaz jaso zen kopurua baino % 30 gehiago (iaz 10.710 jaso ziren). Juan Ramón Vilesek azpimarratu du “igoera honek kanal hau berresten duela. Tresna egokia baita komunikazioa eta parte hartzea indartzeko, eta aukera ematen dio Udalari herritarrek zer kezka eta proposamen dituzten jakiteko.

Udalean jaso diren 13.856 komunikazio horietatik % 27,87 iradokizunak izan dira, % 30,68 kexak, % 30,54 kontsultak eta ia % 11 eskertzeak, jakinarazpenak, parteak, erreklamazioak eta informazio eskaerak. Denera, erantzuna eman zaie kexa guztien % 91ri, iradokizunen % 80ri eta kontsulten % 93ri.

Juan Ramón Vilesek azaldu du “Internetek jarraitzen duela izaten herritarrek Udalarekin harremanetan jartzeko erabiltzen duten bide nagusia. Izan ere, kanal honen eta mugikorreko App-aren bitartez jaso dira jakinarazpenen bi heren baino gehiago. Herritarren % 19ak telefonoa erabiltzen jarraitzen du bere kexak, iradokizunak eta kontsultak Udalari helarazteko

Txostenean Herritarren Postontziaren erabiltzaileen gogobetetasun maila altua izan dela adierazten da. Gehiengoak azpimarratu postontzia erraz aurkitzen eta erraz bete eta bidaltzen dela. Orokorrean balorazioa oso positiboa izan da, batik bat tresnari begirako gogobetetasuna neurtzen duten adierazleetan, 5 puntutik 4,18 eta 4,22 jaso baitituzte, hurrenez hurren.

Komunikazio gehien erregistratu dituzten zuzendaritzei erreparatuz gero, aurreko urteetako joerei jarraituz, Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Zuzendaritzak, eskaeren % 36,77arekin, bolumen handiena duen Zuzendaritza izaten jarraitzen du. Ondoren datoz Finantza Zuzendaritza eta Mugikortasun Zuzendaritza, % 19,62rekin eta % 11,93rekin, hurrenez hurren

2017/03/06-an argitaratua