San Sebastian eguneko bandera igoera eta jaitsiera ikusteko zozketan izen ematea

Interesa duten donostiarrek izena eman ahalko dute Udalinfo-n eta Udalaren web atarian (www.donostia.eus) urtarrilaren 6a baino lehen.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
San Sebastian egunean Konstituzio Plazako udal eraikinaren lehen solairuko balkoiak irekiko dira 50 donostiarrek (25 egun bakoitzeko eta bakoitzak lagun bat gonbidatu ahal izango du) banderaren igoera eta jaitsiera bertatik ikusi ahal izateko.    

Lehengo urteetan egin izan den bezala, 50 donostiar horiek – hain zuzen ere, bi ekitaldi horiek beste lagun batekin bertatik ikusteko aukera izango duten donostiar horiek – zozketa publiko baten bidez erabakiko dira. Eta zozketa urtarrilaren 9an Udalbatza aretoan egingo da. Bertan parte hartzeko izen-ematea abenduaren 19ean, astelehenean, hasiko da. Horretarako, interesa duten donostiarrek izena eman ahalko dute Udalinfo-n (bai bulegoetan bai 010 telefono zenbakian) eta Donostiako Udalaren web atarian (www.donostia.eus) urtarrilaren 6a baino lehen.    

Zozketan parte hartzeko baldintzak segidakoak dira: adinez nagusi izatea eta Donostian erroldatuta egotea. Gainera, sarituek ezingo dute igoera eta jaitsieraren artean aukeratu, baizik eta, zozketan ateratzen diren lehendabiziko 25 zenbakiek banderaren igoera ikusiko dute – eta bakoitzak 16 urte baino gehiagoko lagun bat gonbidatu ahal izango du – eta gainerakoek banderaren jaitsiera.    

Izen ematea: Konstituzio plazako eraikinetik banderaren igoera edo jaitsiera ikusi ahal izateko zozketan
   

Haur danborrada

   

Era berean, 18 donostiarrek – 36 guztira, izan ere, bakoitzak lagun bat gonbidatu ahal izango du eta kasu honetan ez dago gutxieneko adinik – urtarrilaren 20ko haur danborrada Udalaren balkoitik ikusi ahal izango dute. Baldintzak (adinez nagusi izatea eta Donostian erroldatuta egotea) eta zozketan parte hartzeko izena emateko epea (abenduaren 19tik urtarrilaren 6 arte) banderaren igoera eta jaitsiera ekitaldietarako berdinak dira, eta zozketa ere egun berean egingo da (urtarrilaren 9an Udalbatza aretoan).    

Izen ematea: Haur Danborrada Udaletxetik ikusteko zozketan parte hartzeko
 

2016/12/31-an argitaratua