Delituek % 2,44 egin zuten behera Donostian 2016an

2016ko delituen memoria-jarduera aurkeztu da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Gipuzkoako hiriburuko delitu-tasak behera egiten jarraitzen du aurreko urteetan bezala, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren datu bateratuak kontuan hartuta. 2016ko balantzearen arabera, 11.668 arau-hauste egin ziren, eta 2015ean, berriz, 11.960, hau da, % 2,44 gehiago. Horrekin hiriko delitu-tasa 1.000 biztanleko 62,70ean geratzen da, hau da, aurreko ekitaldian baino 1,6 puntu beherago.

Prebentzio-jarduerak sustatu izana (ia 200.000 urtean zehar bi kidegoek), batez ere oinezko patruilenak, eta jarduera-plan bateratuak prestatu izana dira 2013tik positiboa den bilakaera honen giltzak.

Donostia 2016an Kulturaren Europako Hiriburu izendatu izana erantzukizun-plus bat izan zen segurtasunaren arloan Ertzaintzarentzat eta Udaltzaingoarentzat. Berme handiagoarekin aurre egiteko, Ertzaintza erabat integratu zen Udalak antolatutako segurtasun-mahaietan, eta egoera hori iraunkortu egin da, krisialdietan zerbitzuen arteko koordinazioarentzat erabat mesedegarria denez.

2016an bi kidegoek prebentzio-plan bateratuak jarri zituzten abian, besteak beste honako egoerei aurre egiteko: Alde Zaharrean eta erdigunean indarkeria erabiliz egiten diren lapurretak, etxebizitzetako lapurretak, Gabonetan edo beheraldietan saltokietan egiten diren lapurretak eta ebasketak, gaueko aisialdi-eremuetako delituak, sexu-erasoak, motozikleten aurkako erasoak, adinekoek jasaten dituzten lapurretak, eta abar.

2017an mantendu eta sustatu egingo dira plan horiek, eta beste batzuekin osatuko dira. Neurri handi batean oinez nahiz autoz egiten diren patruilak izango dira ardatza, delitu-arriskuen bilakaeraren analisi etengabeak lagunduta, eta helburu nagusia da donostiarrei eta Donostiara etortzen diren bisitariei ahalik eta zerbitzurik onena ematea.

Ondarearen aurkako arau-hausteak


Ondarearen aurkako arau-hausteak delituen % 80 baino gehiago izaten dira normalean. Donostian, tipo penal horrek % 1,54 egin zuen behera 2016an, eta azpimarratu behar dira indarra erabiliz egindako lapurreten (-% 16,91), eta horien barruan etxebizitzetakoen nahiz trasteleku eta garajeetakoen (-% 5,96) beherakada. Alde horretatik, azpimarratu behar da beherakada horrek agerian uzten duela bi polizia-kidegoek urte hasieran abian jarritako ekintza-plan bateratuaren eraginkortasuna.

Gainerako delitu-motei dagokienez, adierazi behar da 2016an hirian ez zela hilketarik izan, eta aurreko urtean, berriz, bi. Familia barruko tratu txar jarraituek ere behera egin zuten (-% 13,37), bai eta auto-lapurretek (-% 18,26), droga-trafikoarekin lotutako delituek (-11,11%) eta ordena publikoaren aurkako ekintzek (-35,32%) ere.

Gora egin zuten arau-hausteak dira lesioak (+13,17%), sexu-askatasunaren aurkako delituak (+9,30%) eta iruzurrak (+14,42%).

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak delituren batekin zerikusia izateagatik epailearen aurrera eramandako pertsona-kopuruari dagokionez, 2016an % 0,8 gehiago izan ziren: iaz 1.838 eta aurten 1.854

Delitugintza auzoz auzo


Delituen bilakaera, auzoz auzo aztertuta, positiboa da orokorrean. Hiria osatzen duten 18 auzoetako 10etan egin zuten behera arau-hausteek. Beheraldirik nabarmenena Miramon-Zorroagan izan zen (-32,96%), eta jarraian Loiolan (-28,73%) eta Mirakruz-Bidebietan (-27,44%). Delituetan igoerarik handiena, berriz, Zubietan (+95,34%) eta Igeldon (+83,00%) izan zen, nahiz eta bi kasuetan ere gorabeherak zifra txikien ondorio diren, kontuan hartu behar baita zifra absolutuetan delitu-kopuru txikiena duten bi auzo direla.

Delitugintza urtaroen arabera


Aurreko urteetan bezala, 2016an ere udako hilabeteetan gora egin zuen, batez ere abuztuan, Donostiako biztanleria nabarmen hazten den garaian.

2017/03/27-an argitaratua