Super Amara Bera Bera emakumeen eskubaloi taldeari harrera

Udalak harrera egin die Donostian historian lehen aldiz ospatutako Super Kopa Iberiarra irabazi ostean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak Super Amara Bera Bera emakumeen eskubaloi taldeari omenaldia egin dio gaur arratsaldean. Ekitaldia Donostiako Udaletxeko alkatetzako hall-ean izan da eta, bertan, parte hartu dute Donostiako alkate Eneko Goiak eta udal talde guztietako hainbat ordezkarik.

Super Amara Bera Bera taldeak aurten lehen aldiz antolatu den Super Kopa Iberiarra irabazi zuen irailaren 8an eta 9an Donostiako Josean Gasca Kiroldegian antolatutako txapelketan. Txapelketan parte hartu zuten Costa del Sol Málaga Liga Guerreras Iberdrolako txapeldunak, Benfica Portugaleko liga eta kopa txapeldunak, Madeira Andebol Portugaleko liga eta kopa txapeldunordeak, eta Super Amara Bera Bera Erreginaren Kopako txapeldunak.

Donostiako alkate Eneko Goiak Alba Menendez taldearen kapitainari eta Imanol Alvarez entrenatzaileari oroigarria eman die eta Bera Berako familia guztia zoriondu du lorpenagatik.

Eneko Goiak honakoa azpimarratu du: "Klubaren historiaren 9. Super Kopa lortu duzue, eta gainera lehen aldiz antolatu den Super Kopa Iberiarra etxean gelditzea lortu duzue. Denboraldi hasiera bikaina egin duzue. Segi horrela ekipo!".

2023/09/18-an argitaratua