Donostia.eus - [Berria] Mobius eraikina inauguratuko da irailaren 7an, Baitara Baita proiektuan kokatzen dena

Logo Ayuntamiento

Mobius eraikina inauguratuko da irailaren 7an, Baitara Baita proiektuan kokatzen dena

Hirian dauden erlijio eta espiritualitateak bildu eta elkartzeko gunea izango da

Datorren astean Mobius inauguratuko da, 2017ko amaiera bitartean, hirian dauden erlijio eta espiritualitateak bildu eta elkartzeko gunea izango den behin-behineko eraikina. Ekitaldia irailaren 7an izango da, 18:00etan, Oñati plazan dagoen eraikuntzan bertan. 

Möbius eraikinaren esperientzia praktikoaren bidez, Donostian dagoen erlijio-aniztasuna ikusarazi eta aitortu nahi da. Eraikinaren diseinua EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko azken kurtsoko ikasleek 2015ean aurkeztutako zortzi proposamenen artean aukeratu da. Prozesu horretan, ikasleak lurraldeko komunitate erlijioso eta espiritualetako kideekin harremanetan egon ziren, haien ezaugarriak eta beharrak lehen eskutik ezagutzeko. 

Bestalde, aste hortan emango zaio hasiera, Möbius eraikinean, Donostian presente dauden erlijioek bultzatutako programazioari. Jarduerak zabalik egongo dira herritarrentzat, dohainik izango dira, eta lekua bete arte sartu ahal izango da horietara. Espazioa, gainera, herritarrek proposatutako beste jarduera batzuk gauzatzeko ere erabil daiteke.

Pabiloia Donostia 2016ko Baitara baita proiektuan kokatzen da. Proiektu horrek erlijio-aniztasuna kudeatzeko erronkari heltzen dio, erlijioek gizartea kohesionatzen laguntzeko bete dezaketen eginkizun positiboa oinarri hartuta. Hala, proiektu horrek espazioak sortzea du helburu, sinesmen desberdinak ezagutzea errazteko eta giza eskubideen oinarriaren inguruan kultur arteko eta erlijio arteko elkarrizketa bultzatzeko.  



2016/09/02-an argitaratua