Donostia.eus - [Berria] Udalak HIESaren aurkako Parisko Adierazpenarekin bat egin du

Logo Ayuntamiento

Udalak HIESaren aurkako Parisko Adierazpenarekin bat egin du

Epidemia hau 2030. urterako desagerrarazten laguntzeko bitartekoak jartzeko konpromisoa hartu du, munduko beste hiri batzuekin batera

HIESaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen duen abenduaren 1aren harira, Parisen 2014. urtean mundu osoko alkate ugarik onartu zituzten konpromisoak bere egiten dituen adierazpen instituzionala onetsi du Donostiako Udalak. Aipatu konpromisoak zehazten dituen agiriak “Ekintza bizkorra hirietan: HIES epidemiarekin bukatuz” du izenburua.


Ekimen honen bultzatzaileak izan dira Euskal Herriko Hiesaren Aurkako Elkarteen Federazioa -Harribeltza elkartearen bidez- eta Acasgi. Joseba Errekalde eta Paki Lucha aipatu elkartetako ordezkariak Donostiako alkate Eneko Goiarekin batera agertu dira gaur, Calcutako Teresa plazan dagoen GIB/HIESa duten pertsonen oroigarriaren aurrean, udalaren atxikimendua iragartzeko. Gaixoekiko elkartasunaren ikur den begizta -lore gorriekin osatua- daraman lorategian, halaber, beren oroimenezko plaka bat zabaldu du alkateak.


Adierazpenak esaten duen bezala, Eneko Goia sinetsita dago "hiriek prebentzio-, tratamendu-, informazio- eta sentsibilizazio-ekintza ezberdinak gauza ditzaketela 90-90-90 helburuak 2020. urterako lortu ahal izateko”. Urte hartan GIBa duten pertsonen % 90a bere egoeraren jakitun izatea, tratamendua jasotzea eta beren birusarekin bukatzea; hori da, hain zuzen ere, helburu horien xedea. Honela, 2030. urterako Hiesarekin eta tuberkulosiarekin loturiko heriotzekin bukatu eta infekzio berriak saihesteko moduan egongo ginateke.
estigmarekin eta bereizkeriarekin bukatu


Hirien ekintza bateratuak, halaber, estigmarekin eta bereizkeriarekin bukatu nahi du, bai eta arrisku-, zaurgarritasun- eta transmisio-zioei aurre egitea ere, arreta berezia eskainiz baztertutako eta egoera ahulean dauden pertsonei.


Alkateak azaldu duenez, eta adierazpenean jasotakoaren harira, “tokiko eremutik jardunda eta gure lurraldean oso aktibo eta konprometituta dauden Hiesaren aurkako komunitateen eta erakundeen laguntzarekin, gizarte erresistenteak, osasungarriak eta barneratzaileak eraiki eta garapen jasangarria bermatzeko helburua lor genezake"


Honela, hiri berriak gehitzeak aurrerapauso bat ematea suposatzen du Hiesaren aurkako munduko hirien sare bat sortzeko bidean, ekintza-plan baten idazketan, esperientzien eta ezagutzen trukatzean eta lorturiko emaitzen neurketan gauzatuko litzatekeen sarea hain zuzen ere.


Adierazpena onesteaz gain Donostiako Udalak, Giza Eskubideen arloaren bidez, Acasgi, Ehgam, Gehitu eta Harribeltza elkarteek Hiesaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu dituzten ekitaldiekin bat egin du. Ondokoak dira horien artean aipagarrienak: kontzentrazio bat epaitegien pareko HIESaren oroigarrian eta Musika eta Dantza Udal Eskolako dantza taldeen saioa, 19:00etan; Kursaala begizta gorri-elkartasun ikurraz argiztatzea; kartelak jartzea Udaletxeko aurrealdean, Dbus eta Lurraldebuseko autobusetan; bai eta informazio-mahaiak jartzea ere.


ONUSIDAko datuen arabera, GIBa zuten 36,7 milioi pertsona zeuden 2015ean. 2016ko ekainean, horien erdiak erretrobirus-kontrako terapia jaso du. Ondorioz, asko dago egiteke oraindik epidemia honekin bukatu ahal izateko.

Erlazionatutako dokumentuak

2016/12/01-an argitaratua