Cristina Iglesiasek lan artistiko bat egingo du Santa Klara uharteko itsasargian

Artistak bere hirian sortuko duen aurreneko obra izango da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Cristina Iglesias hasia da Santa Klara uharteko itsasargian obra artistiko bat egiteko lehen lanekin. Eskultore donostiarrak, gainera, adierazi du lan artistiko hori dohaintzan eman nahi diola bere jaioterriari. Obra modu iraunkorrean egongo da itsasargiaren eraikinean.
Cristina Iglesiasek Donostiako alkate Eneko Goiarekin batera iragarri du ideia. Goiak adierazi du proiektuarekin “oso gogotsu eta erabat konprometituta” dagoela eta Udalak lan egin asmo duela ideia hori ahal bezain lasterrena errealitate bihurtzeko.

Proiektua artista donostiarrari Urrezko Danborra emateko ekitaldian sortu zen. Hain zuzen ere, 2016ko urtarrilean, Donostiako alkateak adierazi zuen nazioartean izen handia duen eskultore ospetsuak bere hirian lan artistiko bat egin zezan lortzeko nahia eta konpromisoa zuela.

Cristina Iglesiasek, era berean, bera jaio eta hazi zen hirian obra bat egiteko asmoa eta gogoa agertu zuen.

Leku enblematikoa



Artistak leku enblematiko bat eskultura baten bitartez berreraikitzeko asmoa zeukan buruan, eta hortik sortu zen uharteko itsasargian esku hartzeko ideia. Horren harira, Cristina Iglesiasek uharteari iritzi zion tokirik egokiena, kokaleku horrek naturaren kontserbazioarekin eta urarekin daukan lotura dela eta.

Pasaiako Portuko Agintaritzak Donostiako Udalaren esku utzi du itsasargiaren erabilera eta kudeaketa. Orain, Iglesias lantzen ari den ideiaren arabera, itsasargia eskultura publiko bilakatuko da; hain zuzen ere, barneko iturri bat egingo da, Kontxako badiako itsas hondoaz artistikoki irudikatuko duena. eta itsasaldiek eragindako aldaketak islatuko dituena.

2016ak utzitako ondarerik onena



Hiriko alkate Eneko Goiak adierazi du izugarri gustatzen zaiola Cristina Iglesiasen proiektua, eta proiektuarekin bere konpromisoa azaltzearekin batera, esan du Udalak ahal duen guztia egingo duela obra hau arrazoizko epe baten barruan gauza dadin.

“Donostiako artista garaikide honek obra iraunkorrak ditu munduko hiri nagusietan, baina ez zeukan obrarik jarrita bere hirian. Zor genion; horregatik, gure esku dagoen guztia egingo dugu proiektu hau errealitate bihur dadin”, esan du Goiak.

Alkateak jakinarazi du, halaber, proiektua 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren harira sortu zela: “Hiriburutzaren ikurretako bat osatzen zuten, hain zuzen ere, itsasargiek”.

Lana gauzatzen denean, hau izango da Hiriburutzak Donostiari utzitako ondare inspiratzaile eta baliotsuenetako bat”, nabarmendu du.

2017/04/28-an argitaratua