Donostiak argiak itzaliko ditu larunbatean klima aldaketari aurre egiteko

60 minutuko tartean Donostiako eraikin eta leku adierazgarrienetakoak argiak itzalita egongo dira.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Ingurumeneko zinegotziak “Planetaren Ordua”rekin bat egiteko eskatu die herritarrei; ingurumena babesteko munduan egin den ekimenik handiena da eta 20:30etik 21:30era argi guztiak itzaliko dira hil honen 25ean. 60 minutuko tartean, Donostiako eraikin eta leku adierazgarrienetakoak, hala nola, Kontxako badia, Santa Klara uhartea, Urgull mendia, Udaletxea, Miramar Jauregia, Artzain Onaren katedrala edo San Telmo Museoa, besteen artean, argiak itzalita egongo dira.

Gobernu Batzordeak Donostia Klima Aldaketara Egokitzeko Plana onetsiko du datorren asteartean; horren barruan 31 ekintza daude eta gerta daitezkeen itsas, euri eta ibaietako uholdeei eta tenperatura gehiegi igotzeagatik pertsonek eta inguruak jasan ditzaketen ondorioei aurre egiteko jarritakoak izango dira.

“Planetaren Ordua”
“Planetaren Ordua” mundu osoan egiten den ekitaldi bat da eta World Wide Fund for Nature (WWF) erakundeak sustatzen du, 2007tik urtero egiten da, martxoan, eta nahita egindako itzalketa elektriko bat izaten da; administrazioei, etxeei eta enpresei argiak eta bestelako tresna elektrikoak ordubetez itzali ditzatela eskatzen zaie.

Gutxi gorabehera 160 herrialdetako 7.000 hiri eta herri baino gehiago —eta milioika partikular, erakunde eta enpresa— izango dira aurten parte hartuko dutenak energia eraginkortasuna, energia berriztagarriak eta mugikortasun iraunkorra bultzatuko duten proiektuak eta programak martxan jartzeko dagoen premiaz jendea kontzientziatzeko egingo den deialdian.
Donostia Klima Aldaketara Egokitzeko Plana.
Ingurumeneko zinegotzi Alfonso Gurpegui sozialistak adierazi du “kostaldeko udalerri den Donostia klima aldaketara eta izan ditzakeen aurkako ondorioetara egokitzeak lehentasuna izan behar duela. Horren adierazgarri dira azken urteetan izandako olatu handien ondorioz gertatu diren kalte larriak, eta ebaluaketa eta azterketa sakona egin behar da horien inguruan.”

Gerta daitezkeen fenomeno eta gertaera horiei erantzuna emateko, Gurpeguik gogorarazi du “2016an Udalak Donostia Egokitzeko Batzorde Tekniko bat sortu zuela eta horren eginkizuna zela eta dela ahultasunen eta arriskuen azterketa gainbegiratzea, egokitze plan baten prestakuntzan parte hartzea eta klima aldaketaren ondorioz sortzen diren arriskuak gutxitzeko ekintzak sustatzea.”

Ingurumen, Proiektu eta Obra, Hirigintza Sostengarri, Prebentzio, Suteen itzalketa eta Salbamendu, Mantentze lan eta Hiri Zerbitzu, Sustapen, Gizarte Ongizate eta Plan Estrategikoko departamentuek parte hartu zuten Batzorde Tekniko horretan. Ikerketa eta azterketa horien emaitzetatik sortu da Donostia Klima Aldaketara Egokitzeko Plana eta plan hori Gobernu Batzordean onetsiko da datorren asteartean. Zinegotziak adierazi du “diagnostiko sakon bat egin ondoren prestatu dela Plan hau eta 31 ekintza dituela barne tokiko eta mundu osoko egokitze estrategia bat prestatzeko eta horren bidez itsas, euri eta ibaietako uholdeei eta bat-bateko tenperatura igoerei aurre egiteko.”

2017/03/24-an argitaratua