Donostia.eus - [Berria] Elkarrekin mugikortasun seguru eta lagunkoia baten alde

Logo Ayuntamiento

Elkarrekin mugikortasun seguru eta lagunkoia baten alde

“Zerk arduratzen gaitu hirian zehar mugitzen garenean?”



Udaletxeko Mugikortasun Zuzendaritzak gidatu du “Zerk arduratzen gaitu hirian zehar mugitzen garenean?” lelopean, gaur goizean izan den tailerra. Bertan, Donostiako mugikortasunaren egoeraz eta honek adineko pertsonei planteatzen dituen erronketaz aritu dira.

Lau taldetan banatuta, parte-hartzaile eta Udaletxeko profesionalek, mugikortasun segurua lortzeko giltzarriak aztertu dituzte. Gaia ikuspuntu desberdinetatik aztertu da; gidari, oinezko, bizikleta eta garraio publikoaren ikuspuntutik, hain zuzen ere. Gaurko jardunaldiko ondorioak, Donostia Lagunkoia Hiri-planaren baitan kokatzen den bide-segurtasunaren inguruko kanpaina baten diseinurako lagungarriak izango dira.



Kultura sortu eta Slow bizi



Sinetsita “jarrera pertsonalak berebiziko garrantzia duela”, parte-hartzaileek hezkuntza eta enpatia oinarri duten kultura sortzeko apustua egin dute, mugikortasun seguru eta lasaiagoa lortze aldera.

Honen harira, “slow bizitzeko” beharra ere azpimarratu nahi izan dute, edo behintzat, biztanleriaren gehiengoak daraman bizitza-erritmo azkarra gutxiagotzeko beharra. Izan ere, jardunaldian azaldu den bezala, “daramagun abiadurak, sarritan, talkak eta bestelako istripuak eragiten ditu”. Zentzu horretan, gizarteari orokorrean zuzendutako kanpainak sortzeko beharra nabarmendu dute, “ez soilik adindunei” zuzentzen direnak.

Oinezkoek merezi duten errespetua izan da gidarien ikuspuntua aztertu duen taldearen eztabaida-puntu garrantzitsuenetakoa. Honela, oinezkoen “ikusezintasuna” nabarmendu dute, gaizki aparkatutako kotxeak eta bestelako oztopoen erruz.



“Guztion etxea”



Hiriko bizikleta-kultura oraindik berri samarra dela esaterakoan ados agertu dira parte-hartzaileak. Ondorioz, beharrezkoa ikusten dute esparru horretarako bide-hezkuntza zehatza. Eskola adinean dauden neska-mutilei zuzendutako sentsibilizazioa ezinbestekoa dela ikusten dute, eta baita ere, publiko guztiari zuzendutako bizikleta praktikak. “Hobe daitekeen” bidegorrien egoera eta seinaleztapen egoki baten beharra ere izan dira mintzagai.

Horrez gain, skate eta patineteen inguruko arautegi falta azpimarratu nahi izan dute eta “smartphone-n zonbiak” oinezko, bizikleta eta kotxeentzat arrisku bat direla adierazi dute “euren telefonotan erabat murgilduta baitaude eta ez dute aurrean dutena antzematen”.

Azkenik, oro har, hiriko garraio publikoaren kalitatea balioan jarri nahi izan da eta, aldi berean, autobus geltoki asko dituzten zenbait kaletan, San Martin kalea kasu, espaloiak estuegiak direla nabarmendu dute eta honek zailtasunak eta istripuak sor ditzakeela azpimarratu dute.

Garraio publikoko gidarien paperaren garrantziaz ere aritu dira gaurkoan, eta hauen zerbitzuen denbora berrikusteko beharra ere agertu dute; presioa gutxiagotu, segurtasuna handitu, eta azken batean, istripuak murrizteko.

Jose Ramon Lasarte, Kai Alde zaharren egoitzako presidentea, izan da gaurko parte-hartzaileetako bat eta positiboki baloratu du gaurko lana:” Galdera asko jarri dira mahai gainean, eta baita zenbait erantzun ere. Udalera gure iritzi eta kezkak helarazteko kanalak sortzea oso positiboa dela uste dut”.

Nagusilaneko Marijose Velasco ere pozik agertu da gaurko esperientziarekin eta ekimen hauen “garrantzia” azpimarratu nahi izan du “errealitatean oinarritutako planak ezarri ahal izateko”. Bere aburuz, “kalea guztion etxea da, eta zaindu behar dugu”.



2017/04/04-an argitaratua