Donostiarren elkartasunari deia uda honetan saharar 30 haur hartzeko

Epea datorren apirilak 1 amaitzen da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Duñike Agirrezabalaga sozialistak, Lankidetza zinegotziak, donostiarren elkartasunari dei egin dio aurten ere “Vacaciones en Paz/Oporrak Bakean” egitasmoa bete ahal izateko; epea datorren apirilak 1 amaitzen da, eta azken bultzada behar da 1986. urtetik bi hilabetez harrera familietan oporrez gozatuko duten hogeita hamar saharar haur hartu ahal izateko. Hain zuzen ere, zinegotzi sozialistak azaldu du 10 familia gehiago behar direla pozez betetako opor batzuk eskaini ahal izateko haurrei, Tindoufeko erbesteratuen kanpamenduetako bizimodu zaila denboraldi batzuez ahantz dezaten.

Duñike Agirrezabalaga zinegotzi sozialistak azaldu duen moduan, "joan den udan 30 urte bete ziren Donostiara Saharako lehen neska-mutil taldea iritsi zenetik. Zoritxarrez, herri honen egoerak ez du hobera egin, eta aurten ere beharrezkoa izan da programa abian hartzea, Saharako herria, oraindik ere, egoera guztiz latzean bizi baita Tindoufeko herritar erbesteratuen kanpamenduetan, betiere laguntza humanitarioaren mende soilik, jada 41 urte irauten duen egoera guztiz bidegabe batean”.

Lankidetza zinegotziak gogora ekarri du programa honen bidez “10 eta 12 urte arteko Saharako hogeita hamar bat neska-mutil hartzen direla, udako bi hilabeteetan, donostiar familietan. Ekimen honen helburua da, ahal den neurrian, adingabe hauek kanpamentuetan bizi dituzten bizi baldintza gogorrak arintzea. Egonaldian zehar errebisio medikoak egiten zaizkie, era askotako janariez elikatzen dira, eta, batez ere, desertuaz bestelako ingurune bat ezagutzen dute. Gaur arte hogei familia ditugu, baina hamar gehiago beharko genituzke gure helburuak betetzeko”.

Oporrak Bakean” proiektua –erantsi du Agirrezabalagak- gauza guztien gainetik Saharako neska-mutilenganako elkartasunaren ikur bat da. Zalantzarik ez dugu, hizkuntza, kultura, ohitura, sinesmen edo tradizioak desberdinak izan arren, edo horien ondorioz, esperientzia aberasgarria izango dela hartan parte hartuko dutenentzat."

Kanpaina hasi zenetik, hitzaldi informatiboak eta erakusketa bat egin dira, "Amasahara" titulupean erakusgai egon dena Donostia Ospitalean. Halaber, programari buruzko informazioa banatu da hiriko ikastetxeetan eta haurtxokoetan. Aurreko urteetan bezala, Donostiako Udalak egiten duen kanpaina da, SEADeko Lagunen Elkartearen eta Fronte Polisarioaren lankidetzarekin.

2017/03/28-an argitaratua