Eremu estali bat erabiltzeko aukera izango dute Altzako bizilagunek Harria parkean

Txikienek jolaserako gune zabal babestu bat izateko aukera izango dute eguraldi txarra egiten duenean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Gobernu Batzordeak onetsiko du parkearen eremu bat estaltzeko Exekuzio Proiektua, eremu horrek 610 metro koadro inguruko azalera du eta hori gauzatzeko lanaren zenbatekoa 448.135 €-koa da, BEZ barne. Auzorako benetako arnasgune den parke horren barruan eremu estali bat jarrita txikienek jolaserako gune zabal babestu bat izateko aukera izango dute eguraldi txarra egiten duenean. Exekuzio epea 4 hilabete ingurukoa izango da baldintza orriak idatzi eta obrak esleitu ondoren, horretarako, beste 3 hilabete gehiago beharko baitira.

Proiektu horren bidez Harria Parkeko eremu bat estali nahi da, hain zuzen ere parkearen erdiko ardatzaren eta Herrera Pasealekuko oinezkoen ibilbidearen arteko elkargunea. Esku hartze horrekin muinoaren leku garaienera iristen den mailadi handia estaliko da partzialki.

Estalia egiteko beiraz gaineztatutako egitura metalikoa erabiliko da eta 8 zutaberen gainean jarriko da. Hirigintzako esku hartze hori ahalbidetzen duen Plan Berezia onetsi ondoren gauzatuko den lana da eta auzotarrak egoteko eta biltzeko erabili ahal izango den 610 metro koadro inguruko estalia izango da eremu horretan.

Herri Partaidetzako Zerbitzuak bultzatuta joan den legealdian egin ziren prozesuen ondoren —prozesu horietan auzo ugarietako bizilagunek gune estaliak eraikitzea eskatu zuten eremu libreetan— Udal Batzorde Teknikoa bat sortu zen agintaldi honen hasieran gune estaliak egokitzea bultzatzeko auzo desberdinetan; Harria parkea izan da batzorde horren lehenengo emaitza.

Proiektua idazteko, hiru arkitektura estudiori eskatu genien proposamen tekniko eta ekonomiko bat egiteko. Hirigintza Sostengagarriko, Etxebizitzako eta Hiri Proiektuetako Zinegotziak 2016ko maiatzaren 30ean hartutako ebazpenaren bidez esleitu zitzaion Jon Balerdi Baztarrika arkitektoari Harria Parkean eremu bat estaltzeko Plan Berezia eta Exekuzio Proiektua idazteko lana. Joan den otsailaren 15ean, Proiektu eta Obretako Zuzendaritzako teknikariek aldeko txostena egin zuten Harria Parkean jolaserako eta aisialdirako eremu zabal hori martxan jartzea ahalbidetuko duen proiektu horrentzat.

Zabu egokituak erosi eta jartzea


Bestalde, Gobernu Batzordeak bihar onetsiko du gutxienez 24 zabu egokitu erostea eta jartzea ere, mugitzeko desgaitasuna edo desgaitasun kognitiboak dituzten haurrek erabiltzeko. Zabu horiek arnesak dituzte eta lotuta egoteko haurrak ez du ezer egin beharrik izango, izan ere, ezeri eusten ez badio ere ez da zabutik eroriko.

Unitate bakoitzaren eskaintza prezioa 1.870 €-koa da, BEZ, muntatzea, garraioa, kateak eta arnesak barne izanik. Elkarturekin adostuta erabaki zen erosten ziren unitateak auzo guztietan banatzea izango litzatekeela egokiena, haur gehien ibiltzen ziren parkeei lehentasuna emanez. Gaur egun, badira horietakoak Katalunia Plazan, Jorge Oteiza Plazan, Hiru Damatxo Plazan eta Santiago Plazan. Horiek jartzeko epea 4 hilabetekoa da.

2017/03/14-an argitaratua