Donostia.eus - [Berria] Puntu Kritikoen Mapa

Logo Ayuntamiento

Puntu Kritikoen Mapa

Partaidetza Prozesua eta herritarren ekimenak Olatu Talkaren baitan

Gizon eta emakumeok ez dugu hiria modu berean bizi. Sexuaren araberako lanaren banaketa dela eta, bidaiatzeko modua eta maiztasuna, adibidez, desberdina da orohar.

Segurtasunari dagokionez ere, desberdintasunak daude: Donostiako Udalak 2013an egindako Gizonen eta Emakumeen Egoeraren gaineko Diagnostikoaren arabera, hirian seguru sentitzen ez diren emakumeen kopurua gizonena halako bi da: %62 eta %32, hurrenez hurren. Gainera, emakumeek maizago sentitzen dute segurtasun falta (hiru aldiz maizago), beren auzoan batez ere (%35), baina baita beste auzoetan ere; lurpeko pasabideetan (%39); aparkalekuetan (%17), geltokietan (%12), etxean bertan (%11)... Emakume askok segurtasun eza sentitzen du bakarrik ibiltzeagatik (%47), gauez irtetzeagatik (%44), argiteria eskasagatik (%35), emakume izateagatik (%27), adinagatik (%10)...

Nahiz eta segurtasun pertzepzioaz hitz egin, horrek pertsonen eta batez ere emakumeen askatasun mugimenduan eragin handia dauka. Horregatik diogu gizon eta emakumeok ez dugula hiria modu berean bizi.

Errealitate hau mahaigaineratzen aitzindariak izan ziren talde feministak. 1996an Plazandreok taldeak eta Emakumea eta Hiria Foroak Hiri Debekatuaren mapa argitaratu zuten, hiriko gune arazotsuenak ikusaraziz.

2006 urtean Donostiako Udalak eragileekin batera maparen lehen eguneraketa egin zuen.

PUNTU KRITIKOEN MAPA

Donostiako Udalak, 2013. urtean departamentuen arteko talde bat sortu zuen eta une berean Udal politika honen inguruan partaidetza iraunkorrerako prozesu bat jarri zen martxan.

Ekimen honen helburu nagusiak hauek dira: azterketa integral bat egitea, mapa hori eguneratzea, zehaztutako puntuak hobetu edo lehuntzea eta maila eta eremu ezberdinetako neurriak ahalbidetuz puntu berrien sorrera ekiditea.

Udal lantaldea honako departamentuek osatzen dute: Hirigintza, Gizarte Ongizatea, Herri Partaidetza, Hiri Azpiegiturak, Proiektuak eta Obrak, Udaltzaingoa, Mugikortasuna, DBus eta Berdintasuna.

Taldeak mapari izen berria jarri zion: Puntu Kritikoen Mapa, eta bertan jasoko ziren guneak aukeratzeko irizpideak zehaztu zituen hasiera batean eta udal departamentuetatik informazioa jaso zen.

Hortik abiatuta, 2014 urtetik aurrera, mapa eguneratzeko hiritarrekin partaidetza prozesua jarri zen martxan, auzo elkarte, emakume talde eta eragile feministekin.



Prozesu horren ibilbidea eta emaitzak dokumentu batean jaso ziren, 2015. urterako Udalak hartuko zituen konpromezuak barne: besteren artean ispiluak jartzea, argiztapena, landaretza, beste berrikuntza lanak... eraikuntza ordenantzaren aldaketa eta sentsibilizazioaren arloan, posta bidezko banaketa, neska eta mutilei zuzendutako materialak, pankartak hiriko auzoetan...

2016 urteko apirilean kontu ematearen memoria argitaratu zen, eta saio partehartzaile batean egindakoa baloratu eta proposamen berriak egin ziren.



Informazio guztia, dokumentuak eta bideoak Donostiako Udaleko Berdintasun atalaren webgunean daude eskuragarri.




Espazio publikoaren erabilera eta jabetzaren eskuhartze alorrean, maiatzaren 20,21 eta 22an Olatu Talka ekimenaren baitan, auzolanean hiriko 6 puntu hobetu dira artista, eragile eta hiritarren arteko lankidetzaren bitartez modu sortzailean. Azken hilabeteetan Donostia Kulturak ikastaroak eta tailerrak antolatu zituen ekimen horri begira.

2016/05/19-an argitaratua