Olatu Talka Gaztea: Haur, Gazte eta Nerabeentzat ekitaldi ugari

Donostiako hainbat auzotako haur, gazte eta nerabeek Olatu Talka jaialdian parte hartzeko aukera izango dute, datozen egunetarako Donostiako Gazteria Sailak antolaturiko ekitaldi desberdinetan.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako hainbat auzotako haur, gazte eta nerabeek Olatu Talka jaialdian parte hartzeko aukera izango dute, datozen egunetarako Donostiako Gazteria Sailak antolaturiko ekitaldi desberdinetan.

Udaberrifest Martutenen
Ostiral honetan, maiatzaren 19an, Udaberrifest egingo dute Martuteneko Arantzazuko Ama Ikastolako jolastokian 16:30etik 19:30era, auzoko Haurtxokoak, Gaztelekuak eta Etxarrienek antolatuta. Auzoko haur, nerabe eta familiei zuzendutako ekimena izango da eta birziklapena, bizi ohitura osasuntsuak eta elkartasuna balioan jartzearekin bat, saharar herriarekin elkartasuna izango du ardatz.

Jaima bat jarriko dute, birziklaturiko materialarekin estutxeak egiteko postua, egurra berreskuratzen ikasteko gunea, jolas erraldoi desberdinak, ergometroak, eskolako materiala jasotzeko puntua... eta Udaberrifest eta 'Maiatzak 20' elkarteko logoa batuko dituen mosaikoa ere egingo dute, besteak beste.

Auzoaren Ertzak Kontadoresen
Larunbatean, maiatzaren 20an, Auzoaren Ertzak ekimena egingo dute Kontadores, Altzako Historia Mintegia eta auzoko beste eragile batzuen eskutik. 10:30erako egin dute hitzordua Kontadores Zentroan (Pasai San Pedro, 13) eta bi ordu eta erdiko iraupena izango du. Bidebieta auzoaren inguruko ibilbide gidatua izango da. Era kolektiboan, ezagutuko eta partekatuko dira auzoak biltzen dituen istorioak, bitxikeriak eta izaera anitzak. Gainera, Kontadoreseko kale argazkigintza taldeak auzoko toki enblematikoak identifikatu eta argazki interbentzioak egingo ditu.

Izarrak Plazara Aieten eta Kontadoresen
Egun berean, maiatzaren 20an, 5-11 urte bitarteko haurrei zuzendutako Izarrak Plazara ekimenaren bi emanaldi egingo dituzte ordu berean, 17:00etan, Aieteko Kultur Etxeko areto nagusian, eta Kontadores Gazte Zentroko areto nagusian. Bagera elkarteak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Donostia Kulturak eta Gazteria Sailak antolatutako ekimenak eta hiriko Haurtxokoetan bitartez inskribitutako 96 haurrek erabakitako diziplina artistikoak euskara sustatzea dute helburu.

Izarrak Plazara, nerabeen eskutik, Donostiako kaian
Igandean, maiatzaren 21ean, 12-17 urte bitartekoen txanda izango da. Castingetik aukeratutako sei taldeek ikuskizuna egingo dute Donostiako kaian, 11:00etan.

Antzerki Musikala Intxaurrondon
Larunbatean, Bidebietako Gaztelekuko zenbait erabiltzailek Antzerki Musikala egingo dute Intxaurrondoko Kultura Etxean 17:30ean. Dantza eta interpretazioa uztartuz, matxismoaren, homofobiaren eta eskola-jazarpenaren errealitateak islatuko dituzte.

2017/05/18-an argitaratua