Donostia.eus - [Berria] "Giza eskubideen aldeko tira", Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, binetetan

Logo Ayuntamiento

"Giza eskubideen aldeko tira", Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, binetetan

Fernando Buesa Fundazioak ekoiztutako erakusketan eta Museo birtualean daude bilduta, Aieteko Kultur Parkean

Aiete Kultur Etxeak, apirilaren 23a arte, bineten nazioarteko erakusketa bat hartu du barnean. Erakusketa honek 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 30 artikuluak irudikatzen dituzten binetak bildu ditu.

Baina harago joan eta Aiete Jauregiko (Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea) aretoetan eta lorategietan barrena modu birtual batean sartu nahi dutenei ere aukera hau eskaintzen zaie: Fernando Buesa Fundazioaren web orriko Museo birtuala.

Fundazioak berak antolatutako eta 50etik gora herrialdek parte hartutako nazioarteko lehiaketa batean parte hartu zuten bineten hautaketa bat jarri du ikusgai erakusketak.


Bineta “fisikoak” Aiete Kultur Etxeko atondoan daude ikusgai. Baina gainera, edozein gailu elektronikoren pantailaren bitartez ere ibil gaitezke Aiete Jauregiko eta Kultur Etxeko areto desberdinetatik eta bertako lorategietatik, leku horietan baitaude banatuta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari buruzko 68 bineta koloretsuak.

Kolorea, komik formatua, umorea eta ironia dira erakusketa honen funtsezko osagaiak, publiko orokorrari pertsona ororen eskubideak ezagutzera emateko, eta era dibertigarri, interaktibo eta hezigarri batean gainera.

Era berean, Museo birtuala kokatuta dagoen web orriak gida didaktiko bat eskaintzen du giza eskubideen ezagutza eta esanahia errazteko, eta irakasleei eta interesatuta dagoen edozein erakunde edo pertsonari zuzenduta dago.

Erakusketa hau Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatutako Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan sartzen den beste jardueretako bat da.

2017/03/14-an argitaratua