Gazteriak 2017-2020ko Plan Estrategikoaren eta 2017ko ekintzak aurkeztuko ditu

Hiru saio informatiboak, irekiak eta parte-hartzaileak izango dira, haurrei, nerabeei, gazteei eta profesionalei zuzendurikoak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Donostiako Udaleko Gazteria Sailak, hiriko haurren, nerabeen eta gazteen egoerari buruzko diagnosia egin eta Gazteria Saila berdefinitzeko gogoeta prozesuaren ostean, “2017-2020 eperako Plan Estrategikoa – 2017ko ekintzak” dokumentua landu du.

Etorkizuneko ildo eta ekintzak jorratzen dituen Planaren puntu nabarmenenak publikoarekin partekatzeko helburuarekin, datorren maiatzaren 18an, ,29an eta ekainaren 5ean aurkezpen saioak egingo ditu Donostiako Udaleko Gazteria Sailak. Kontuan izanda, Gazteria Sailak adin tarte zabal bati erantzuten diola, eta guztien errealitatea eta interesak oso ezberdinak direla, hiru aurkezpen eta parte hartze saio egingo dira:

- Maiatzak 18 – Gazteentzako Ataleko erronken, helburuen eta ekintzen aurkezpena (18-30 urte). DOKAN (Donostiako Kafe Antzokia) (Errege Zain 20, Antigua), arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

- Maiatzak 29 - Haurrentzako Ataleko erronken, helburuen eta ekintzen aurkezpena (0-11 urte). EGIAKO HAURTXOKOAN (Mandasko Dukearen Pasealekua 32, Atotxako dorre azpian, Egia), arratsaldeko 17:30etik 19:30era.

- Ekainak 5 - Nerabeentzako Ataleko erronken, helburuen eta ekintzen aurkezpena (12-17 urte). KUTXA KULTUR-en (Tabakalerako 4. solairuan) (Andre Zigarrogileak plaza, 1), arratsaldeko 17:30etik 19:30era.

Aurkezpen saioen helburua da, Gazteria Sailak 2017-2020 eperako markatutako erronken eta helburuen aurkezpena egitea. Eta zehatzago, 2017rako diseinatu diren ekintzak aurkeztea.

Bertan azalduko dira planaren nondik norakoak eta zer eta nola egin nahi den nabarmenduko da. Gazteria Sailak, Donostiako haur, nerabe eta gazteen egoerari hobekien egokituko den programa eta zerbitzuen eskaintza diseinatu nahi du datozen urteotan; horretarako, nolako egitura eta egokitzapena behar dituen zehaztu beharko du.

Gazteria Saila, Donostiako 0-30 urte bitartekoei autonomia eta bizitza plenoa garatzeko bidelagun eta laguntzaile gisa irudikatzen da. Haur, nerabe eta gazteei, bakoitzaren bizitza ziklo eta errealitatera egokituta, beren beharrak asetzeko bide eta bitartekoekin laguntza eskaintzako lan egiten du. Horretarako, haur, nerabe eta gazteek dituzten behar, interes eta bizi ereduetara egokitzeko gaitasuna duen udal egitura sortzea beharrezko ikusten da.

Aurkezpen ekitaldi hauek dinamikoak eta parte hartzaileak izango dira, planak jasotzen dituen ideia nabarmenenak aurkezteaz gain, haurren, nerabeen eta gazteen eta orokorrean interesa izan dezakeen hiritar ororen iritziak eta ekarpenak jaso nahi direlako.

2017-2020 Plan Estrategikoa eta 2017ko Ekintzak: HEMEN

2017/05/11-an argitaratua