Donostiak RECI- Kulturarteko hirien sareko bileran parte hartu du

Diversity Advantage deialdian sariatuak izan diren 4 proiektuek aniztasunaren balioa berretsi dute.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiak RECI- Kulturarteko hirien espainiako sareko bileran parte hartu zuen martxoaren 29 eta 30ean, Madrilen, estatuko beste 14 hiri eta Tenerifeko Kabildoarekin batera. Sare honen helburuetako bat da esperientziak partekatzea eta aniztasuna kudeatzeko moduak ezagutaraztea, kulturarteko ikuspegia txertatuz. Izan ere, jatorri eta kultura askotariko pertsonen arteko ezagutza ahalbidetzea du helburu; beldurrak alde batera utzi, eta ondorioz elkarbizitzarako baldintzak ematea, diskriminazioa ezabatzea zergatia edozein dela ere, eta aniztasunaren balio positiboa goraipatzea.

RECIk aurten Diversity Advantage edo Aniztasunaren Abantaila saria bultzatu du, eta bertan, hiriko zerbitzu zein egitekoetan jatorri eta kultura askotariko herritarrek onurak eta berrikuntza ekar diezazkigutela – aldagai neurgarrien bitartez- erakutsi duten ekimenak identifikatu, eta saritu dituzte.


Hogei proiektutik gora aurkeztu ziren orotara, eta CaixaForumen antolatutako ekimen batean ezagutu ziren 4 proiektu irabazleak. Horien artean aurki ditzakegu Fuenlabradako Udaltzaingoa, MOB enpresa Bartzelonako proiektu berritzaileen sortzaileak, L'Hospitaleteko eskola multikulturala, eta Logroñoko Hiri-joeren eskola. Donostiako Udalak oso emaitza onak izaten ari diren bi proiektu aurkeztu zituen, hain zuzen, SOS Arrazakeriak bultzatzen duen Bizilagunak proiektua, eta bestetik, Elkarrekin Koop Txikiak eta Udalak elkarlalanean kudeatzen duten Ongi Etorri Ikastolara proiektua, hiriko 5 eskoletan abian jarri dena.

2017/04/07-an argitaratua