Donostiako Udalak 2016ko ekitaldia itxi du 4 milioi euroko superabitarekin

Eneko Goia alkateak azpimarratu du Udalak 2016ko segidako helburuak bete dituela: aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak 2016ko aurrekontuaren likidazioa aurkeztu du. Eta ekitaldiaren emaitza segidakoa da: 4 milioi euroko superabita. Zifra hau soilik Udalaren aurrekontu-ekitaldiarena da eta, beraz, ez ditu kontuan hartzen Udalaren mendekoak diren 13 udal-elkarte eta –sozietateak. Elkarte eta sozietateek kontuak administrazio kontseiluetan aurkeztuko dituzte. Hala ere, esan beharra dago, udal-elkarte eta –sozietateek ez zutela defizitik abenduaren 31n. Behin likidazio guztiak onartuta, kontu orokorra osatuko da eta, bertan, Udalaren eta elkarte eta sozietateen emaitzak egongo dira.

Donostiako alkate Eneko Goiak eta Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak 2016ko likidazioaren aurkezpena egin dute. Eta likidazioaren emaitza honakoa da: 2016ko likidazioak superabita eman du, hain zuzen ere, iazkoa baino %17 handiagoa.

Udalak aurreikusitakoa baino 8,5 milioi euro gehiagoko diru-sarrera arruntak izan ditu. Eta, horietatik, 3,2 milioi Gainbalioen gaineko zergatik jasotakoak dira, izan ere, aurreikusitakoa baino higiezin gehiagoren salerosketa izan da. Gutxi gorabehera 3.000 transmisio aurreikusita zeuden, hain zuzen ere, batez beste 1.171 euroko 9.100 ordainagiri sortuko zituzten 3.000 transmisio. Baina aitzitik, batez beste 1.205,80 euroko 11.712 ordainagiri egin dira.

Gainera, Udalak OHZ-tik aurreikusitakoa baino 1,55 milioi euro gehiago jaso ditu - %3,75 gehiago –
  • 1,05 milioi euro gehiago Ur eta Saneameduen gaineko zergatik – %5,85 gehiago –,
  • 0,81 milioi euro gehiago Jabetza Publikoaren Aprobetxamenduaren gaineko zergatik – hau da, terrazak, hesiak, etabar –,
  • 0,60 milioi euro gehiago Ekonomia-Jardueraren gaineko zergatik – %6,56 gehiago, batez ere, Ikuskapen Plangintzak direla eta –,
  • eta 0,44 milioi euro gehiago Ibilgailuen gaineko zergatik – %4,18 gehiago –.

Aparteko diru-sarrerak eta funtsen erreserba


Aparteko diru-sarrerei dagokienez, Donostiako Udalak aurreikusitakoa baino 13,9 milioi euro gutxiago jaso ditu. Eta arrazoi nagusia honakoa da: nahiz eta hainbat diru-sarrera aurreikusita dauden eta 2016aren itxieran sartu zitezkeen – besteak beste, Illunbeko salmenta, Garbera handitzea edo Txofreren emakida –, Udalak ez ditu likidazioan sartu, izan ere, ez dira guztiz likidatu. Beraz, kontuen zuhurtzia dela –eta, diru-sarrera horiek hurrengo ekitalditan kontuan hartuko dira, behin likidatuta. Gainera, 4 milioi euroko superabita aparteko diru-sarrera horiek kontuan hartu gabe lortzen da.
2017. aurrekontua gure "aurrekontuak" sailan dago dagoeneko ikusgai

Era berean, Donostiako Udalak Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2,6 milioi euro itzuli behar izan ditu, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan egindako zuzenketen ondorioz. Gainera, 2017an Estatuari ordaintzen zaion Kupoaren zuzenketa izateko arriskua egon daitekeela kontuan hartuta, Udalak 6,75 milioi euro gutxiagoko diru-sarrerak izan ditzake. Hori dela –eta, Udalak 2016ko ekitaldiaren likidazioan diru-kopuru hori erreserbatu du.

Gainera, Udalak beste 15,59 milioi euro erreserbatu ditu – guztira 22,34 milioi – 2017an kobratzen ez diren diru-sarrerei aurre egiteko eta, ondorioz, diruzaintza desorekarik ez izateko. Hortaz, funtsei erreserbari esker, Udalak bermatuko du hornitzaileek batez beste 32 egunetan fakturak kobratu ahal izatea.

2017/03/28-an argitaratua