10.000€ko diru laguntza gazteen aisiarako lokalen egokitzapen izapideari hasiera emateko

Donostiako Udalak 10.000€ko diru laguntza deialdi egin du gazteek aisialdirako eta biltzeko erabiltzen dituzten lokalen ingurukoak 2015eko ordenantzara egokitzeko. Zehazki, jarduera sailkatuaren aurretiazko komunikazioa egin ahal izateko laguntza ekonomikoa emango du.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


2015ean, Donostiako Udalak erabaki zuen gazteek aisialdirako eta biltzeko erabiltzen dituzten lokalen ingurukoak ordenantza baten bidez arautzea. Ordenantzaren helburua aisialdiko jarduera berri hau arautzea izan zen, bi alderdi hauek bermatu eta bateragarri egitearren: batetik, gazteek elkartzeko, antolatzeko eta sozializatzeko duten eskubidea; eta, bestetik, eskubide hori segurtasun, osasungarritasun eta ongizate baldintza egokietan gauzatzea, hala gazteentzat nola jardueraren kokalekua den komunitatearentzat.

Ordenantzan ezarri zen bezala, sustatzailea "jarduera sailkatuaren aurretiazko komunikazioa" aurkeztera derrigortuta dago. Aurretiazko komunikazioa formalizatzeak kostu batzuk dakartza. Horregatik, Udalak diru laguntza lerro bat sortzea erabaki zuen 2015ean Gazteen Aisiarako eta Elkartzeko Gune diren Lokaletako Jardueraren aurretiazko komunikazio eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioari lotutako gastuak ordaintzen laguntzeko. Diru laguntza hauen helburu nagusia lokal hauen erregularizazioa sustatzea da, honetarako egin beharreko tramiteak dakartzan gastuak ordainduz.

Udal gobernuak 2017an diru laguntzen ildo honekin jarraitzea erabaki du eta aurrekontuari dagokionez, deialdi honetarako 2016ko aurrekontu berdina, 10.000 €, bideratzea proposatu du.

Dirulaguntzak kubritzen dituen gastuak

Aurretiazko komunikazioa egiteko beharrezko dokumentazioa idazteak eragindako gastuen %100erainokoa izan ahalko da diru laguntza. Laguntzaren zenbatekoa inoiz ere ezingo da 800 euro baino gehiago izan.

Emandako dirulaguntzak

2015eko deialdia indarrean zegoen bitartean, 6 sustatzaileren 8 eskaera jaso ziren. Horien artetik, 6 onartu ziren, eta 2 atzera bota ziren, ez zutelako aurretiazko komunikazioa aurkeztearen baldintza bete epearen barruan (2015ean atzera bota ziren eskaera hauek, 2016ean onartu ziren). Guztira, 4.547,75€ ordaindu ziren.

2016ko deialdia indarrean zegoen bitartean, 2 sustatzaileren 3 eskaera jaso ziren eta horiek guztiak onartu ziren. Guztira, 2.147,75 € ordaindu ziren.

Lokalen erabilerari buruzko informazioa

Difusio kanpaina honen bidez, aisialdirako eta biltzeko espazio bezala lokalak erabiltzen dituzten gazteei informazioa eta orientazioa eman nahi zaie lokalen erabilera egokiaren eta beste hainbat alderdien inguruan eta aholkuak eskaini bestelako alderdi praktikoei buruz.

Difusio lan hori, Prebentzio, Haur eta Familia Zerbitzuak Ai Laket!! elkartearen bidez eskaintzen duen “Gazteen lokaletako Informazio eta hezkuntza programa”ren bitartez egiten ari da ordenantza onartu zenetik. Profesional hauek, mendekotasunak eta bestelako arrisku jokaeren inguruan garatzen dituzten berezko ekintzez gain, ordenantza eta diru laguntza deialdiaren gaiak jorratuko dituzte gazte parte hartzaileekin, informazioa emanez eta izan daitezkeen zalantzak argituz.

Gaztelekuetako hezitzaileek ere informazioa zabalduko dute

Gainera, hiriko Gaztelekuetako hezitzaileak ere beste difusio bide nagusia izango dira. Gaztelekuen sarea, hiriko hainbat auzoetan dauden 8 Gaztelekuek osatzen dute eta aisialdi hezitzailerako espazioak dira. Bertan egunero nerabe askok parte hartzen dute eta horregatik Gaztelekuetako hezitzaileak erreferentziazko pertsona oso egokiak dira lokalen erabilera egiten duten nerabeei ordenantza, diru laguntza eta baita erabilera egokia eta bestelako aspektu eta gomendioen inguruko informazio eta orientazioa emateko ere.

Azkenik, beharrezkoa da azpimarratzea Gazteria Atalaren eta Prebentzio, Haur eta Familia Zerbitzuaren arteko elkarlana, bi sailen arteko koordinazio eta kolaborazioa indartu baita Donostiako nerabeentzako garrantzizkoak diren gaiei erantzuteko.

2017/05/17-an argitaratua