Donostia.eus - [Berria] Santa Clara argiztatuko da krisi humanitarioa gogoratzeko egingo den kanpaina baten baitan

Logo Ayuntamiento

Santa Clara argiztatuko da krisi humanitarioa gogoratzeko egingo den kanpaina baten baitan

Irailaren 2an gogorarazi nahi du bizi dugun krisi humanitarioaren ondorioz milaka lagun hil direla Mediterraneoan

Donostiako Udalak #Light4Refugees kanpainari babesa emango diola jakinarazi du. Espainiako Immigrazio eta Errefuxiatuen Laguntzarako Sareak jarri du abian, eta irailaren 2an gogorarazi nahi du bizi dugun krisi humanitarioaren ondorioz milaka lagun hil direla Mediterraneoan.

Donostia Europako Kultur Hiriburua den honetan, Udalak ekinbide hau babesteko erabakia hartu du. Ekintza horren baitan, Santa Klara uhartea argiztatuko du iluntzeko 21:45etik aurrera. Horrez gain, argiztaturiko uhartearen irudia hedatuko du sare sozialen bidez, eta irudi hori Euskadiko beste zenbait udalek eta Eusko Jaurlaritzak berak zabalduko dutenari gehituko zaio, denen artean krisi lazgarri horren ondorioz hil diren biktima errugabeak gogoratzeko.

Sareak nabarmendu nahi izan du Donostiak ekinbide honekin bat egiteak duen garrantzia. Izan ere, 2016ko Europako Kultur Hiriburu den honek kanpainak azpimarratzen dituen balioak ditu ardatz: bakea, elkartasuna eta harrera.

Sarearen kide diren erakundeek dei egin diete Euskadiko mugimendu politiko, sozial eta sindikalei eta Donostiako herritarrei ostiralean bat egin dezaten kanpainarekin eta gai horri buruz dituzten ideia eta mezuak zabal ditzaten. Twitter-en #Light4Refugees traola erabil daiteke horretarako. Era berean, Euskal Herriko lider politiko eta sozialei dei egiten diete harrera politikarekin, Giza Eskubideen aldekoarekin, konpromisoa har dezaten.

2016/09/02-an argitaratua