300 bat herritarrek parte hartu dute ahotsak emateko Donostiako maratoian

Ekimena hasi zenetik 8740 hiztun izatera iritsi eta 542 ordu grabatu dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak babesten duten www.gaitu.eus ekimenari bultzada eman nahi izan dio Donostiako Udalak eta 300 bat herritarrek ahotsa eman zuten Donostiako Bulebarrean jarritako karpan. Era berean, Euskararen Eguna ospatzeko auzoetan prestaturiko egitarauetan gaitu.eus ekimena sustatzeko saioak ere antolatu ziren. Horrez gain, 60tik gora eragilek eta elkartek erantzun zioten Bulebarreko karpara gerturatzeko Udalaren gonbidapenari.

Euskara ahots-teknologia berrietan garatu ahal izateko eta teknologia horiek euskara ulertu eta hitz egin dezaten bultzatu dute aipatu instituzioek ekimen hau azken bi hilabeteotan. Sustapen kanpainak emaitzak eman ditu: urriaren hasieran 3.360 hiztunek 226 ordu grabatuta bazituzten abenduaren 4an, 8740 hiztun izatera iritsi eta 542 ordu grabatu dira.

Hurrengo erronka grabatzen jarraitzea

Orain arte 172.700 esaldi grabatu dira euskaraz, baina askoz gehiago behar dira. Adimen artifiziala erabilita makinei euskara irakasteko datu base erraldoia osatzen jarraitu beharra dago. Egun hauetan milaka pertsonek eman dute ahotsa baina grabatzen jarraitzea ezinbestekoa da. Beste zenbait hizkuntza aurretik doaz, katalana esate baterako, milioi bat esalditik gora eta 3.600 ordu grabatu dituzte dagoeneko. Bidea hasi dugu, elkarrekin. Jarrai dezagun horretan teknologia euskaldunon alde jarri arte!

2023/12/04-an argitaratua