Antônio Augusto Cançado Trindade epaile brasildarraren hitzaldia

“Nazioarteko jurisprudentzia giza eskubideen arloan”

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Antônio Augustoren argazkia

Martxoaren 28an, asteartean, arratsaldeko zazpietan, Donostiako Udaleko Udalbatza Aretoan, Antônio Augusto Cançado Trindadek, Giza Eskubideen Amerika Arteko Auzitegiko lehendakari ohiak eta gaur egun Nazioarteko Justizia Auzitegiko magistratua denak, giza eskubideen nazioarteko babesari buruzko hitzaldi bat emango du.

Cançado Brasilgo epailea da, giza eskubideen defentsa progresista egiteagatik ezaguna. Iritzi berezi eta disidenteak agertu ditu bi auzitegi horiek emandako epaietan. Eremu juridikoan giza eskubideen defentsan aritzen diren espezialista entzutetsuenetakoa da.

“Nazioarteko jurisprudentzia giza eskubideen arloan” izango da hitzaldiaren izenburua. Bertan, Cançado epaileak nazioarteko auzitegietan giza eskubideen babesaren arloan azken hamarraldietan izandako aurrerapenak aztertuko ditu, oso esperientzia luzea baitu horretan. Oso komunikatzaile ona da. Bestalde, Txile, Argentina, Paraguai eta Peruko unibertsitateetako Honoris Causa Doktorea da.

Hitzaldia Aukera paregabea emango digu hurbilagotik ezagutzeko nolako bilakaera izaten ari den giza eskubideen nazioarteko babesa nazioarteko auzitegietan egun, krisiak indar handiagoz zigortzen dituenean giza talde ahulenak.

Hitzaldiak itxiera emango dio Donostiako Giza Eskubideen Ikastaroen XX. edizioari, Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen eta Erakundeen Historia Sailak antolatu eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Arloak diruz lagundutakoari.

Ekitaldia arratsaldeko zazpietan hasiko da eta sartzea libre izango da, edukiera bete arte. Hitzaldia amaitu eta gero, galderak egin ahal izango dira eta herritarrekiko elkarrizketa bat zabalduko da.

2017/03/27-an argitaratua