Frankismoko emakumeen ikuspegiak gizarteratuko ditu ‘Emeek emana’ argazki erakusketak

Donostiako Aieteko Kultur Etxean kokatuko da. Ostera, lurraldean barrena herriz-herri ibiliko da, eta eskoletara bisita gidatuak ere egingo dira.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
1936ko Estatu kolpe, gerra eta ondorengo diktaduraren testuinguruan emakumeen ikuspegia eta izan zuten zeregin aktiboa jaso eta gizarteratzea, hau da ‘Emeek emana’ argazki erakusketak bilatzen duen helburu nagusia. Ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Intxorta 1937 Elkarteak bultzatu dutena, eta Mauro Saraviaren argazkiekin, erakusketa ibiltaria izango da eta Euskal Herriko emakumeek XX. mendeko pasarte lazgarrienetan bizi izandakoa Gipuzkoako txoko guztietara hedatuko du. Donostian du bere lehenengo geltokia. Erakusketa andrazkoen argazkiek osatzen dute, bakoitzak bere testigantza ematen duen bideoak eta bakoitzaren ibilbidea jasotzen duen katalogoa.

Egitasmoa gaur aurkeztu da Gipuzkoako Foru Aldundian, eta bertan izan dira Maribel Vaquero, Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendaria; Juanrra Viles, Donostiako Udaleko Gardentasuneko, Giza Baliabideetako eta Berrikuntzako zinegotzia; Julia Monge, Intxorta 1937 elkarteko kidea; eta Mauro Saravia argazkilaria, erakusketako argazkien egilea. Erakusketa bihar irekiko da eta, hasiera batean, Donostiako Aieteko Kultur Etxean kokatuko da. Ostera, lurraldean barrena herriz-herri ibiliko da, eta eskoletara bisita gidatuak ere egingo dira.

Juanra Viles Donostiako Udaleko ordezkariak hartu du hitza, eta oroimen historikoa lantzearen garrantzian jarri du azpimarra, erakunde honetako Giza Eskubidetako alorraren “ardatz estrategikoetakoa” hain zuzen. “Zentzu honetan, ulertzen dugu emakumeei ahotsa eman behar diegula, askotan giza eskubide urraketen biktima nagusiak izan ohi baitira eta bere testigantza eta sufrimendua bigarren planoan geratu ohi delako”, adierazi du Vilesek.

2017/03/22-an argitaratua