Donostia.eus - [Berria] Bozeramaileen Batzordeak 2017ko Hiritar Merezimenduaren Dominarako proposamenak egin ditu

Logo Ayuntamiento

Bozeramaileen Batzordeak 2017ko Hiritar Merezimenduaren Dominarako proposamenak egin ditu

Kemen Elkarteak, Aspanogik, Gimnastica de Ulia elkarteak, 1982.urteko Jakintza Ikastolako 5.B mailako gelako 9 neskek eta Javier Hernaez Urangak (Altzako Parrokoa) urtarrilaren 19an jasoko dute domina.

Donostiako Udaleko Bozeramaleen Batzordeak gaur goizean onartu du 2017ko Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzeko proposamenak. Gobernu Batzordeak eta Plenoak onartu behar dituen proposamen hauek, honako pertsona eta elkarteak dira:
  • KEMEN ELKARTEA
  • ASPANOGI
  • GIMNASTICA DE ULIA
  • 1982.URTEKO JAKINTZA IKASTOLAKO 5.B MAILAKO GELAKO 9 NESKA
  • JAVIER HERNÁEZ URANGA (Altzako parrokoa)

Gobernu Batzordeak bihar, asteartea, urtarrilak 10, eta Plenoak, ezohiko bileran, asteazkenean, hilaren 11n, berretsiko dute proposamena
  • Kemen Elkartea: 23 urte lanean pertsona desgaituen alde, kirol egokituaren bitartez www.kemen.org
  • Aspanogi: minbizia duten haurren eta euren familien alde egiten duten lanagatik.www.aspanogi.org
  • Gimnastica de Ulia: Erregetako krosaren antolatzailea eta Donostiako atletismoaren oinarriaren sustatzaile.www.gimnasticadeulia.es/
  • 1982.urteko Jakintza ikastolako 5.B mailako gelako 9 neska: Sara Iturrioz, Ana Zirikiain, Leire Ozkaritz, Idoia Amas, Nora Lizartza, Ainitze Blanco, Miren Sorne Uranga, Ainitze Errasti eta Josune Izagirre. Haien ekimenari esker 1983tik aurrera milaka neskek haur danborradan danborra jotzen parte hartu dute.
  • Javier Hernáez Uranga (Altzako parrokoa): Altza-Larratxo auzoan beharra duten hainbat pertsona zein kolektiboen alde egindako lanagatik.

20 proposamen baino gehiago aurkeztu dira aurten. Hautatuak izan diren bost elkarte eta pertsona hauek urtarrilaren 19ko arratsaldean jasoko dute Hiritar Merezimenduaren Domina.

Prozedura


Talde edo pertsona fisiko edo juridikoek Udalerriari eskainitako ezohiko zerbitzuengatik Donostiako Udalak ematen dituen sarien funtsezko alderdiak arautzen ditu Donostiako Udalaren Ohore eta Goraipamenen Araudiak. Sari horien artean, Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina eta Urrezko Danborra banatzen ditu San Sebastian egunean.

Araudi horretan zehazten den moduan, hiriari ezohiko zerbitzuak eskaini dizkieten edo eskaintzen jarraitzen duten pertsona edo talde donostiarrei ematen zaie Hiritar Merezimenduaren Domina. Proposamena Alkatetzak edo Udalbatzako bost kidek edo gehiagok egiten dute, Tokiko Gobernu Batzordean adierazten da, eta Udalbatzako kideen gehiengoak onartzen du.

Aurreko urteetan bezala, Udalak Donostiako hiritarren eta elkarteen laguntza eskatu du sari hori merezi duten hautagaiak proposatzeko. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 9an amaitu zen.

2017/01/09-an argitaratua