Donostia.eus - [Berria] Donostia Lagunkoia 2017ko konpromisoak gauzatzeari ekin dio jada

Logo Ayuntamiento

Donostia Lagunkoia 2017ko konpromisoak gauzatzeari ekin dio jada

Ekimenak lau ardatzetan bildutako 45 ekintza-ildo jasotzen ditu.

Donostiako udaleko sail ezberdinak, gizarte eragileak, elkarteak, eta beste hainbat pertsona lanean hasi dira jada Donostia Lagunkoiaren 2017ko konpromisoak gauzatu ahal izateko. Pasa den otsailaren 16ean Tabakaleran ospatu zen lan-jardunaldian aurkeztu ziren lau ardatz nagusitan jasotzen diren 45 ekintza-ildoak: “Espazio publikoa eta mugikortasuna”, “Bizitza osorako etxebizitza”, “Zaintzen duen komunitate bat” eta “Bizi ziklo berri baterako transizioa eta adinaren kudeaketa”.

Konpromiso hauetan adineko pertsonei, gure hirian, planteatzen zaizkien erronka nagusiak jasotzen dira eta proposatzen dituen erantzukizunei aurre egiteko udaleko departamentu guztien inplikazioa bilatu da.

“Espazio publikoa eta mugikortasuna” atalean azpimarragarria da adinekoen parte-hartzearekin Arkitektura Eskolan Sagueseko zabalgunerako lantzen ari diren hausnarketa, edo hiri-eskalako garraio bertikalaren planaren gauzatzea, malda handia dagoen lekuetan mugitzea errazagoa izan dadin. Aldi berean, Dbus-eko “Laguntzaileak” ekimena bultzatu nahi da, adinekoen eta gazteen arteko elkartasuna eta kontzientziazioa sustatzeko kanpaina.

“Bizitza osorako etxebizitza” ekimenak hiru ekintza nagusi jasotzen ditu; adinekoak bizi diren eraikinetan igogailuak sustatzeko plana lantzea, adinekoen elkarteei bizi-kalitate handiagoarekin bizitzeko aukera ematen duten produktuei buruzko informazioa zabaltzea hainbat euskarrien bitartez, eta, azkenik, adinekoei zuzendutako etxebizitza-ereduei buruzko jardunaldia antolatzea.

Merkataritza lagunkoia eta udal hausnarketa

“Zaintzen duen komunitatea” ardatzak 17 lan-ildo jasotzen ditu, proiektu gehien biltzen dituen ardatza da honakoa. Horien artean, Udaltzaingoarekin hausnarketa bat egin nahi da laguntasun-ezaugarriak identifikatu ahal izateko. Merkataritza lagunkoia proiektua merkatari eta elkarteei ere aurkeztu nahi zaie hauen interesa aztertzeko, eta gogoz daudela baloratuko balitz, hurbileko merkataritza prozesua adinekoen parte-hartzearekin aktibatu nahi da. Halaber, gogoeta esparruak sortu nahi dira mendeko pertsonen zaintzaz arduratzen diren profesionalekin zainketa lagunkoiaren ezaugarriei buruzko hausnarketa partekatzeko.

“Bizi ziklo berri baterako transizioa eta adinaren kudeaketa ardatzak arreta berezia jarri nahi du udal langileen zahartzeak eta haiek ordezkatuko dituzten langile berriak biltzeak planteatuko dituen erronketan, izan ere Giza Baliabideen Plan Estrategikoan hauei heltzeko neurriak hartu nahi baitira. Honetaz gain, eta beste ildo batzuen artean, udal mailan gogoeta bat egin nahi da belaunaldi arteko ikuspegian oinarritutako hurbilketa koherente eta partekatua definitzeko politika, programa eta zerbitzuetan.

Nabarmentzekoa da baita azken atal batean Herritarrentzako Arreta Zerbitzu Integrala ezartzeko Udalinfo Planaren onartzea eta martxan jartzea. Honi esker, arreta bulegoko lehen mailako izapide eta informazioari (herritarren eskariaren %85a) irtenbidea emango zaio, telefonoz nahiz telematikoki. Azkenik, Donostia Lagunkoia ikuspegia Hiriaren Behatokiko sistema definitzeko eta eraikitzeko prozesuan kontutan izango da. Honela, Behatokiak jorratzen dituen azterketa-eremuen artean Donostia Lagunkoiarekin bat egin dezaketenak identifikatu nahi dira, eta horientzako garrantzizko adierazleak identifikatu eta gauzatzen diren ekimenen eragina neurtzeko balio duten aginte-koadroak eraiki nahi dira.

2017/02/24-an argitaratua