Donostiako Udala prest dago hizkuntzen maparentzat kokaleku egokiago bat aztertzeko

Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkaratek adierazi du, Udala benetako elkarlan zintzo eta leiala bultzatzeko prest dagoela.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Hizkuntzen Mapa kentzeak eragindako nahasmena dela eta, Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkaratek azpimarratu du, Donostiako Udalak ez duela erabaki Hizkuntzen Mapa kentzea. Horren harian, gogorarazi du, Bagera elkarteak izan duela ordezkari bat Donostia 2016ren “EUSkarriak” proiektuan, eta Hizkuntzen Mapa egin zutenean 2016ko abenduaren 31ra arteko baimena eskatu zutela. Ondorioz, Bagerak berak ere bazekien iraungitze data zuela.

Ildo beretik, Azkaratek honakoa adierazi du: “Abenduan joan ziren Bagerakoak Donostia 2016ra mapa denbora gehiagoan atxiki zezaten eskatuz. Une horretan, erantzun zitzaien horma berean Remigio Mendibururen eskultura bat jartzeko asmoa dagoela, baina lanak ez zituztela berehala hasiko eta Hizkuntzen Mapa beste hiru hilabetez edukitzeko baimena emango zietela”.

Era berean, Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak gaineratu du, Mapak, orain dagoen bezala, ez duela ezertarako balio. Izan ere, hondatuta dago, ez da zenbakirik ikusten eta ez dago hizkuntzak kokatzerik. Eta hilabete batzuk badira halatsu dagoela.

Miren Azkaratek, halaber, segidakoa argitu du: “Lehengo astean Bagerak eta Donostiako Udalak egindako bilerara konponketaren aurrekontuarekin etorri ziren: 2.600 euro. Eta bukaeran oharra: Mapak okerrera egingo balu, urtetik urtera alda daiteke mantenuaren zenbatekoa. Alegia, etengabeko konponketa beharko luke, eta beraz, gasturik ezin da aurreikusi eta ondo-ondo nekez egongo litzateke”.

Hori guztia dela eta, Azkaratek honakoa adierazi du: “Lehendik dagoen zurezko mapa kokatzeko leku egokiren bat proposatuko baligute -egurats gorrian egongo ez dena, jakina- edo beste materialen batean egiteko asmorik erakutsiko baligute, Donostiako Udala prest dago aukerak aztertu eta benetako elkarlan zintzo eta leiala bultzatzeko”.

2017/03/02-an argitaratua