Etxegintzak aldatu egingo du adinekoentzako ostatuen erregimena

Logela eskubidetik alokairu erregimenera pasako da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Enrique Ramos Hirigintzako zinegotziak atzo Etxegintzaren Administrazio Kontseiluan hartutako erabakiaren berri eman du. Horren arabera, adinekoen apartamentuen % 100 alokairu erregimenekoak izango dira hemendik aurrera; hala, desagertu egingo da lehengo “logela eskubidea”, esleipendunei apartamentu bat erabiltzeko eta hil arte bertan bizitzeko aukera ematen ziena 63.000 eta 76.500 euro arteko zenbateko bat ordaindu ostean (inguruaren arabera).

Logela eskubide hori desagertzearen ondorioz, esleipendunek hasiera batean jarritako zenbatekoa gehi KPIa berreskuratu dute, urte bakoitzeko % 1 kenduta (kalteengatik edo erabilerarengatik). Enrique Ramosek adierazi duenez, “erabiltzaile batzuek, urteen poderioz, jarritako zenbatekoa baino % 60 gehiago ere jaso dute; gainera, urte hauetan guztietan doan bizi izan dira apartamentuetan, nolabait esateko, eta hori ez da azken batean lortu nahi dugun helburua, hots, gizartearen beharrei erantzutea”.

Ramosek azaldu du erregimen berria pixkanaka ezarriko dela: “lehenik Berio, Ategorrieta eta Benta Berriko eraikinetako adinekoentzako apartamentuak lagatzeko erregimena aldatuko da; gaurtik aurrera, itxi egingo da logela eskubidearen bitartez apartamentua eskatzen dutenen eskaera bilketa. Gaur egun logela eskubidearen bitartez apartamentua eskatzeko zerrendan dauden pertsona guztiei eskainiko zaizkie hutsik dauden eta erakundeak pixkanaka berreskuratzen dituen apartamentuak, zerrendaren amaierara iritsi arte, eta apartamentuak esleitzeko barematze oinarri batzuk egiteko mandatua egingo da”.

Azaldu duen moduan, “logela eskubideak apartamentua erabiltzeko eta hil arte bertan bizitzeko ahalmena ematen dio esleipendunari”. Eskubidea galtzen du, hain zuzen, hiltzen denean edo edozein unetan uko egiten dionean. Erabiltzaile batzuei bere garaian jarri zuten zenbatekoa baino % 60 gehiago zor diegu jada. Badaude apartamentuetan 22 urte daramatzaten pertsonak, eta ez dute hileko errentarik ordaintzen, bere garaian jarri zuten gordailua besterik ez; hortaz, gordailua interesekin itzultzen diegunez, azken finean apartamentuak doan erabiltzen ari dira. Alokairu erregimeneko erabiltzaileek, aldiz, errenta ordaintzen dute, eta ez dute ezer berreskuratzen. Sistema hau kaltegarria da udal kontuentzat, eta, batez ere, ez die gizartearen beharrei erantzuten”, esan du Ramosek. Gaur egun, “zuzkidura apartamentuen batez besteko errenta 252 eurokoa da, bai gazteentzat bai adinekoentzat”.

Ramosek esan du, halaber, erregimen aldaketa honek indarrean dauden zenbait araudi betetzea ere baduela xede, hala nola EAEko Etxebizitzaren Legea (3/2015 Legea); hau dio 7.4 artikuluan “Eusko Jaurlaritzak eta lurralde-izaerako administrazio publikoek erabilgarri dauden etxebizitza baliabideak, lehentasunez, egoera txarrenean dauden kolektiboentzako alokairuko etxebizitzak sustatzera bideratuko dituzte”. Bestalde, honela dio EAEko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak, azken xedapenenetatik laugarrenean (Etxebizitzen alokairua sustatzeko politikak): “Euskal erakunde publiko guztiek, etxebizitza eskuratzeko dauden arazoek kezkatuta –batik bat gizarteko kolektibo jakin batzuenak–, konpromisoa hartzen dute alokairuko etxebizitzen eskaintza sustatzeko politikak bultzatzeko, beren eskumenen esparruan”.

2017/05/25-an argitaratua