"Kolonbia, bake iheskorra" gatazkaren 50 urteren ondorioei buruzko erakusketa

Nazioarteko Amnistiak ekoiztua, Liburutegi Nagusian (Alderdi Eder) egongo da ikusgai apirilaren 12ra arte

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak Kolonbia, bake iheskorra erakusketa hartu du bere baitan: erakusketa berri bat, zinemaldian eskainitako beste jardueren artean, Latinoamerikako herrialde horretan mende erdi baino gehiago iraundako borroka iruditan jasotzen duena.

Zinemaldiaren erakunde kolaboratzaile den Amnesty Internationalen erakusketa hau giza eskubideen defendatzaile kolonbiarrekin lankidetzan taxutu da, erakundeak berak landutako txostenetan oinarrituta.

Gizón nagusi batek, bizkarrez, erakusketa begiratzen du

Kolonbian bakeaz hitz egiten denean, gatazkak mende erdi bat baino gehiago iraun ondoren, erakusketak oso modu didaktiko batean jasotzen ditu bere ondorioak lau atal nagusitan: borrokaren erantzule eta eragile desberdinak, populazio zibila (biktima nagusia), giza eskubideen urraketak eta ONUren gomendioak, gatazka kudeatzeko eta biktimei ordaina emateko.

Erakusketaren izenak –Bake iheskorra– aditzera eman nahi du, orain bakeaz hitz egiten dela, bake hori iheskor agertuko dela oraindik, egia, justizia, ordaina eta giza eskubideekiko errespetua ez dagoen bitartean. “Bakea ezin da eraiki zigorgabetasunaren oinarrietatik. Erantzuleek erantzun egin behar diete Kolonbiako gatazkaren atzean ezkutatzen diren krimen izugarri guztiei”, azpimarratzen dute Nazioarteko Amnistiatik.

Hona hemen erakusketan dokumentatzen diren datuetako batzuk: 265.000 hildako, 6 milioi lekualdatu, desagerpen behartuen 45.000 biktima... Gehien gehienak zibilak eta ia erdia emakumeak.

Erakusketa honek gizahilketa, tortura, sexu indarkeria, bahiketa sufritu izan dutenen aienea biltzen du, gogoz kontra arma bat hartzera behartu zituzten pertsonena…

2017/03/24-an argitaratua