Olatuek kalte txikiak eragin dituzte Paseo Berrian

Tokiko Gobernu Batzordearen beste gaiak: Egia auzoko estoldería, Udaltzaingoa, Motor elektrikoak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiak alerta laranjan jarraitzen du gaur olatuak direla-eta. Behin Tokiko Gobernu Batzordea amaituta, Donostiako alkate Eneko Goiak prentsaurrekoa egin du eta honakoa azpimarratu du: “goizeko itsasgoran izandako olatuek kalte txikiak eragin dituzte Paseo Berrian, baina ezer larririk ez dago”.

Zehatzago esanda, olatuen indarrak – 6 eta 7 metro bitarteko olatuak egon dira – 12 kotxe kaltetu dituzte. Guztira 27 auto erretiratu gabe zeuden. Gainera, hainbat zakarrontzi eta bankuren bat ere mugitu ditu itsasoak.

Donostiako kostaren gainerako lekuetan olatuek ez dute kalterik sortu, ez Kontxako establezimenduetan, ez Zurriolan. Dena den, itsasoak denboraletan ohikoa izaten den zikinkeria ekarri du.

Donostiako Udaleko Babes Zibileko departamentutik adierazi dute alerta laranja egun osoan zehar mantenduko dela eta, ondorioz, segurtasun-neurriak ezartzen dituen protokoloak indarrean jarraitzen duela. Hortaz, Paseo Berriak, Leizaola Pasealekuak eta Haizearen Orraziak itxita jarraituko dute bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat.

Hurrengo itsasgora 18:32ean izango da. Donostiako alkateak hiritarrei eskatu die arretaz ibiltzeko eta Babes Zibilak jarritako mozketak errespetatzeko. Izan ere, mozketa horien helburua da pertsonen zein ondareak babestea.

Egia auzoko estoldería


Tokiko Gobernu Batzordeak adostu du Aquambiente SAU enpresari esleitzea Egia auzoaren zati baten estolderia eta drainatzea berritzeko obren kontratazioa.

Proiektuak Maria Reina parrokiaren eta Iruresoro plazaren arteko kaleen estolderia eta drainatzea berrituko ditu;1.119.199,43 euroko kostua izango du eta 12 hilabetetan egingo da. Proiektuaren obrak fase ezberdinetan egingo dira bertako trafikoari ahalik eta eragin txikienak egiteko eta, beti, Mugikortasun departamentuarekin elkarlanean.

Era berean, Tokiko Gobernu Batzordeak adostu du Girder Ingenieros SLP enpresari esleitzea obren zuzendaritza-zerbitzuaren prestazioaren kontratazioa, 113.110,80 euroren truke.

Udaltzaingoa


Tokiko Gobernu Batzordeak adostu du Altura y Uria SA enpresari esleitzea Udaltzaingoa Morlans-eko eraikinera eramateeko eraikina berritzeko obra (II.Fasea, 01 obra unitatea). Obrek 530.092,36 euroko kostua dute. Obra horien bidez, eraikinean dauden bulegoak egokituko dira eta, ondorioz, Udaltzaingoa behin betiko aldatuko da Morlans-eko Polizia-etxe Nagusira.

Motor elektrikoak


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du sei motor eletriko scooter erosteko kontratazio espedientea. Sei motor horiek, otsailaren 13tik trafiko zerbitzua ematen duten beste bi motorrekin batera, departamentuaren flota osatuko dute. Motor hauen erosketa Replicate proiektuaren barruan daude, hain zuzen ere, Udalak parte hartzen duen proiektuaren barruan. Sei motorren kostua, 97.500 eurokoa da.

2017/02/28-an argitaratua