XX. Donostia Hiria Nazioarteko Piano Lehiaketa

Sariak itxiera kontzertuaren aurretik emango zaizkie irabazleei; martxoaren 26an izango da, Musikeneko Auditorioan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostia Hiria Piano Lehiaketa gure hiriko programazioaren eta jarduera pedagogiko-musikalen mugarrietako bat da. Oihartzuna du nazioartean, Europa osoko foro eta elkarte garrantzitsuenek aitortu eta babesten baitute eta Espainian maila horretako bakanetakoa baita.

“Pianoa Sustatzeko Elkarteak” eginiko lehen edizioen ondoren, 2011. urtean, Donostia Kulturak deialdiaren eta antolakuntzaren ardura hartu zuen bere gain, eta 2015ean, berriz, ardura Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren esku utzi zuen; urte hartatik aurrera, beste erakunde batzuen laguntza eta babesa izan du aurrera eraman ahal izateko. Lehiaketak duen erakarpen gaitasun zabal eta eraginkorrak mundu osoko ehunka piano profesional eta ikasle ekarri ditu eta ekarriko ditu Donostiara.

2017an aro berri bati emango diogu hasiera, Europako Kultura Hiriburutzarekin bat eginik, ahalegin berezi bat egingo baitugu historian zehar ahaztuak izan diren emakume musikagileen lanak entzunarazteko. Inguruabar historikoak direla-eta, autore hauen lanak oraindik ez daude kontzertu errepertorioetan, interes artistiko handia izan arren. Jakin badakigu emakume musikagile eta konposatzaileek zailtasunak izan dituztela musika munduan jarduteko, eta konposatzaile asko gizonen izenen atzean iztukatu behar izan direla beraien musika lanak kaleratzeko, horrela erraztasun handiagoak izango zituztelakoan.

Lehen aldia da emakume konposatzaileen lanak sartzen direla Donostia Hiria Piano Lehiaketaren programan, eta horregatik, edizio osoa eskaini diogu obra zabal horri, justizia historikoaren izenean bada ere.

Sariak itxiera kontzertuaren aurretik emango zaizkie irabazleei; martxoaren 26an izango da, 12:30ean hasita, Musikeneko Auditorioan, eta sarituren batzuek joko dute bertan.

Lehiaketako probak ikustera edonor joan daiteke eta doakoak izango dira. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian (MUSIKENE, Europa Plaza, 2 20018 Donostia-San Sebastián), 2017ko martxoaren 25etik 26ra (bi egun horiek barne). Gonbidapenak ekitaldia hasi baino gutxienez hogeita hamar minutu lehenago Musikene bertan banatuko dira.

Horretarako, eskerrak eman nahi dizkiegu Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolarekin elkarlanean jarduten duten erakundeei eta elkarteei, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Aldundiari, Enrique Lartundo Fundazioari, Musika Ateneoari eta Musika Hamabostaldiari, guztiei esker, Lehiaketa kultur erreferentzia eta gure hiriko balioetako bat baita.

2017/03/20-an argitaratua