Ongi Etorri Eskolara!

Kulturarteko bizikidetza eskola komunitatean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Kultur Aniztasunaren Bulegoak ONGI ETORRI ESKOLARA egitasmoa jarri du martxan Donostiako bost ikastetxetan. Xedea eskola komunitatetik abiatuta, beste herrialde batzuetatik datozen familien inklusioan laguntzea da, eta eskolako eragile guztiak kultur aniztasunaren abantailez jabetzea.

Hala, hainbat jarduera eta ekintza ari dira garatzen Donostiako 5 ikastetxetan: Egiako Aitor ikastolan eta Mª Reina eskolan, Intxaurrondoko Hegoa ikastolan eta Intxaurrondo ikastolan, eta Gros auzoko Zuhaizti ikastetxean, hain zuzen.

Honakoak dira egitasmoaren zutabe nagusiak: eskolako guraso, irakasle eta ikasleentzako sentsibilizazioa beste jatorri batzuetako familiei laguntza eta harrera protokoloaren diseinua, eta familia horiek euskarara eta hemengo kulturara hurbiltzea.

Familia Laguna

“Ongi etorri eskolara” egitasmoaren barruan, asko dira garatzen diren jarduera eta programak. Esanguratsuenen artean daukagu “Familia Laguna” programa, Donostian finkatutako familia boluntarioek eta etorri berriak diren familiak elkarlanean aritzeko programa, alegia. Programan parte hartzen duten familia horiek lau norabidetan egiten dute lan:

- Ikastetxean informazioa partekatu, eta inklusio lana egiten dute
- Auzoari buruzko informazioa partekatu eta harremanak zabaltzen dituzte.
- Kulturei buruzko informazioa partekatu eta hemengo kulturan inklusio lana egiten dute.
- Euskarareriko atxikimendua sustatzen dute.

Hirugarren urtea da Aitor ikastolan “Ongi etorri eskolara” abian jarri zenetik. Gainerako lau eskoletan berriz, 7 hilabete daramatza martxan, eta oso emaitza onak izaten ari dira guztietan. Esate baterako, Intxaurrondo ikastolan, “Familia Laguna” programan 16 familia ari dira elkarlanean, eta Aitor ikastolan 34.

Jatorri desberdinetako familiek oso iritzi baikorra daukate egitasmoarekiko: ikastetxeko zein auzoko harremanak zabaldu dituzte, eta gizartean parte hartzea askoz handiagoa da. Haien jatorrizko kultura balioan jartzea oso modu onean hartzen dute, eta hemengo kulturarekiko eta euskararekiko interesa modu nabarian handitu dute. Are gehiago, familia hauetako guraso asko euskara ikasten hasi dira ikasturte honetan.

2017/03/02-an argitaratua