Inprimatu

Icono whatsapp

Pankarta 'Gora aniztasuna! - Bai aniztasunari' esaldiarekin

Ikuspegia, balioak eta helburuak


Donostia jatorri askotariko pertsonen hiria da. 130 herrialdetan jaiotako bizilagunek osatzen dugu Donostia (2017ko errolda), bakoitza gure kultura eta ohiturekin, hainbat hizkuntza ezberdin hitz egiten ditugularik ere.

Testuinguru honetan, hiri ireki eta sendo bat eraikitzeko, elkar ezagutza eta elkarbizitza sustatzea funtsezkoa da.

Hau guztia kontutan izanik, 2013ko ekainean, Kultur Aniztasunaren bulegoa sortu zuen Udalak, kultur aniztasuna oinarri hartuta donostiar guztien hizkuntza, kultura, aukera berdintasuna eta eskubide sozialak zein politikoak bermatu ahal izateko.

Helburu gisa, elkarrenganako errespetuan eta aitortzan oinarritutako harremanak eraikitzea dugu, kultura eta hizkuntza guztiak haintzat harturik, elkarrenganako ezagutza eta interakzioa bultzatuz, eta aniztasunaren balio positiboa azpimarratuz. Horregatik, Donostiako Udalak, kultura eta jatorri aniztasuna kudeatzerakoan, Kulturen artekotasun eredua hartzen du oinarritzat; hau da, kultura guztiekiko errespetua abiapuntu izanik, berdintasunetik eta inork besteak baino botere gehiago izan gabe, kultura ezberdinen arteko hartu emanean jartzen du oinarria, elkar ezagutza eta elkar aitortza medio direlarik.

Ikuspegi honetatik, migratzaileek beraien kultura eta hizkuntza mantentzeko eskubide osoa dute eta bertakoa ezagutu eta errespetatzeko ere. Ezberdintasunekin parekidetasunean bizitzeko aukera eman behar da.

Horretarako, udal kudeaketaren ikuspegitik, zeharkakotasuna oso garrantzitsua izango da. Udaleko atal guztiak hiriko kultur eta jatorri aniztasunaz jabetu behar ditugu eta eguneroko lanean txertatu, hiritar guztien beharrak aintzat hartu eta horiekiko zerbitzuak egokitzeko.

Ikuspegi eraikitzailea eta parte hartzailea bultzatzea. Herritar berriari harrera egin, elkar ezagutu, aitortu, errespetatu, baloratu eta integratu. Elkar ezagutzatik abiatuta elkarren artean egiteko modu berriak eraikitzea da gure planteamendua.