Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Donostiako hemezortzi hotelek 'Zero Plastik Hotelak' kanpainarekin bat egin dute
Helburuetako bat erabilera bakarreko plastikoak murriztea da
Donostiako hemezortzi hotelek bat egin dute Donostiako Udalaren 'Zero Plastik Hotelak' kanpainarekin, hondakinen sorrera murrizteko hainbat praktika eta neurri abiarazteko, bereziki erabilera bakarreko plastikoak eta, horrekin batera, negozio horien iraunkortasuna eta kudeaketa hobetzeko.
'Donostia Zero Plastik' programaren barruan kokatzen da kanpaina hori, eta bere helburua hondakinen sorreraren prebentzioa, tratamendua eta kudeaketa hobetzea da. Azken aldian Europan garatzen ari diren araudietara egokitzeko ekimen batzuk bultzatu behar dira: esate baterako, erabilera bakarreko plastikoak (lastotxoak, plastikozko mahai-tresnak) ez baliatzea, iturriko ura botilako uraren ordez pitxerrean eskaintzea eta hondakinen bilketa selektiboa egitea, zati organikoa barne.
Gainera, parte hartzen duten hotelei langileak eta bezeroak sentsibilizatzeko materiala eta laguntza eskaini zaie, baita hondakinen arloko jardunbide egokien bilduma eta hondakin organikoa behar bezala kudeatzeko laguntza ere.
Proiektu honetan honako hotel hauek hartu dute parte: Akelarre, Arbaso, Arrizul Congress, Avenida, Codina, Distrito Oeste, Ezeiza, Koba, Leku Eder, Londres y de Inglaterra, Maria Cristina, Mercure Monte Igeldo, Olarain, Parma, Pensión Donostiarra, Plaza Lasala, Villa Favorita eta Zinema 7.
Etxebizitza turistikoak
Urtarrilari begira, Udala apartamentu eta etxebizitza turistikoetarako beste proiektu bat prestatzen ari da. Helburua da horrelako bizitokien ingurumeninpaktua murriztea, bereziki hondakinekin lotutakoa, baina baita mugikortasunarekin, zaratarekin, energiarekin eta ur-kontsumoarekin lotutakoa ere. Proiektuan parte hartzen duten apartamentu eta etxebizitza turistikoek eremu horietan hobekuntzak ezartzen lagunduko dien materiala erosi ahal izango dute, bai jabeentzat, bai bezeroentzat. Proiektuaren aurkezpena eta izena emateko aukera urtarrilean izango dira.