Arte y medioambiente

Artea eta ingurumena

Cristina Iglesiasen ustez, arteak aldarri ekologisten defentsan parte har dezake eta baita utzita dauden eraikin edota lekuak berreskuratzen ere. Hala egin zuen, esaterako, Toledoko Torre del Agua dorrean, eta halaxe egin du orain Itsasargiko Etxean.

Bere asmoa da proiektua espazio, leku eta esperientzia paregabe bat izatea eta, aldi berean, elkarrizketa sorraraziko duena eta itsasoak eta inguruan dugun eta gure bizileku den ingurunea babesteko premia ikustaraziko diguna; aldi berean, hiri esparruko eremu publiko bat berreskuratuz, urrunekoa, baina hiriaren erdigunean kokatua. Obrak, gainera, arteak aterpe modura duen ideia dakar gogora, Cristina Iglesiasen beste sorkuntza batzuetan ere ageri den ideia.

Aldi berean, egoera kritikoan zegoen eraikin bat eraberritu eta sendotzea dakar eta, gainera, haren balioa eta potentziala areagotzen dituen intereseko gune bat sortzen da, erreferentzia berri modura funtzionatzen duena.

Itsasargiko Etxea obra iraunkor bat da, naturarekin solasten dena. Jasangarria da eta estalkia eguzki-plaka zeharrargitsuekin egin da.

Bisitak kontrolpekoak izango dira eta naturarekin, flora eta faunarekin zein lekuko historia eta memoriarekin lotura duten topaketak egingo dira.

 

Uhartea

Santa Klara uhartea edertasun bereziko gunea da: lurrak eta itsasoak bat egiten duten tokia eta natura aldetik aberastasun handia duena oso leku txikian. Hala, han diren belardietako eta zuhaiztietako bidezidorretan ibiliz gero, bertako zuhaitz espezie batzuk ikus daitezke, kresalari eta itsasoko haize gogorrari egokituak, eta baita, haiekin batera, beste zuhaitz eta landare batzuk ere, gizakiak ingurunea hezteko asmo horrekin sartuak. Itsas mihiluaren horiak eta txilarren arrosa argiak koloreztatutako itsaslabarretatik, berriz, itsas hegaztien habietako txio hotsa etorriko zaigu. Bestalde, uhartea inguratzen duten hondartzetan eta zabalguneetan, batzuetan urpean, eta beste batzuetan bista-bistan --mareen gutiziaren arabera--, ekosistema aberatsa dugu, alga eta animalia urtar ugari bizi dena eta usain handia botatzen duena marea behean denean.

Geologia da, orobat, uhartearen substratua osatzen duten arrokak diren bezalakoak izatea ekarri duena, eta hura da irlaren geologia kostaldean diren gainerakoak ez bezalakoa izatea ere eragin duena. Haren eginkizuna, ordea, ez da bukatu oraindik; hor ditugu oraindik ere han sortzen diren albeolo-egitura eder eta landuak, konparazio baterako.

 

Symposium

Uharteko eskulturaren inaugurazio publikoa 2021eko ekainaren 5ean eta 6an egin zen. Haren aurretik, sinposio bat izan zen; Kostalde Harritsua – Geologia, Ekologia, Eskultura izan zuen izenburu eta hiru pertsona hauek zuzendu zuten: James Lingwood (Arte Garaikidean aditua; Artangel-en zuzendaria, eta sortzaileetako bat), Adolfo Uriarte (geologoa eta ozeanografoa; Eusko Jaurlaritzako Natur Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendaria) eta Manuel Soto (biologia zelularrean katedraduna; EHU-UPVk Plentzian duen Itsas Estazioko Itsasoko Biologian eta Bioteknologia Esperimentalean Ikertzeko Zentroaren zuzendariordea).

Iglesiasen obran uztartzen diren gaietan oinarritu eta aditu talde bat bildu zuen sinposioak, artearen, literaturaren, geologiaren eta ekologiaren inguruko pentsamendua partekatzeko. Bi saio izan ziren: ekainaren 3ko arratsaldean bat eta ekainaren 4ko goizean bestea, Aquariumeko Auditorioan biak ere. Zoom-en bidez ere jarraitu ahal izan zen. Sinposioa Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroekin elkarlanean antolatu zen, BBVA Fundazioaren laguntzarekin. Sinposio hau, izan ere, biek garatzen duten Jasangarritasun Foroaren barruan baitzen. Era berean, Ihoberen (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Sailaren laguntza ere izan zuen.

Joan symposium-era

 

Estilos inline HONDALEA