Breadcrumb
Energia eraginkortasun ikasketak
Energia eraginkortasunaren azterketak
Donostiako Udalak 2010aren hasieran abian jarri zuen dentsitate handiko bizitoki eraikinetan energi eraginkortasuna hobetzeko eredu azterlan hau. Biztanle askoko bi auzo aztertu ditugu, Amara Berria eta Bidebieta I-Gaiztarro, eta 1960etik 1980a arte egindako eraikinei begiratu diegu bereziki. Aukeratu, berriz, Donostiako eraikin parkeko etxeen ordezkari diren hainbat tipologia dituztelako aukeratu ditugu bi auzo horiek.
Ekimena Donostiako Udaleko Ingurumen Alorrak diseinatu eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak finantzatu du. Ekimena Klima Aldaketaren aurkako Euskadiko Planean dago, Donostiako Udalaren Tokiko 21 Agendaren I.go (2008-2013) Ekintza Planean eta Donostiak bere egindako Alkateen Itunean, 2020rako %20 CO2 gutxiago isuriko duela hitz eman baitu Donostiak itun horretan.
Asmoa auzo horietatik ateratako ondorioak Donostiako beste auzo eta eraikin batzuetara estrapolatzea da, energi birgaikuntzak duen abantaila mordo handia aditzera ematea eta horrelako birgaitze moten abantailak hobeto ezagutzeko gogoa piztea jabekideei.
Helburuak
Donostiako eraikin parkearen zati handi bat 1980a baino lehenago egindakoa da, ez du isolamendu termiko handirik eta, beraz, inguratzaileetan patologiaren izan ahala, haiek birgaitzen eta hobetzen hasi beharko dute. Horrekin batera, gaur eguneko egoera honetan, energia aurreztu eta eraginkortasunez erabiltzeak izugarrizko garrantzia izango du gizartearen alor guztietan, batez ere eraikinen kontsumoetan.
Horiek horrela, egoki iritzi diogu Donostiako auzoetan energi eraginkortasuna hobetzeko eredu Azterlana egiteari, birgaitzeak dakartzan onura energetiko, ekonomiko eta ingurumenekoen gaineko difusioa eta informazioa eskaintzeko, eta baita aztertutakoen pareko tipologia duten eraikinei aplikatzeko moduko datu zehatz eredugarriak eta ondorioak lortzeko ere.
Energi birgaikuntzaren helburua energi eskaera murriztea da (energia aurreztea), itxiturak (fatxadak eta estalkiak isolatuta) eta instalazioak (eraginkorrago eginda) hobetzea, bizikideentzako konfort handiagoa eta herritar guztientzako ingurumen hobekuntzak lortu ahal izateko. Hala, esku hartze hauek abantaila hauek dakarzkie herritarrei:
- ZUZENEKOAK:
- Zaharberritutako etxeen bizigarritasun eta konfort baldintzak hobetzea.
- Energi kontsumoetan aurreztea.
- Bizitegi eraikinen balioa handitzea erabiltzeko bizialdia luzatzea.
- ZEHARREKOAK:
- Finkatutako hiri tramak berreskuratu eta balioz hornitu, interesgarriago bihurtu eta endekapena eta abandonua saihestea.
- Auzoaren ingurumen baldintzak hobetzea: hirigintzaren itxura hobetzea, egurats garbiagoa, CO2 gutxiago botatzea.
- Baliabideak optimizatzea, hiri garapena mugatu eta lur eta lurralde gehiago artifizial bihurtzea galarazita.
Proiektuaren edukia
Proiektuaren muina bi auzoetan aurretik aukeraturiko eraikinetan energi ikerlana edo auditoria egitea izan da, jabekideen elkarteentzako hobekuntza proposamenak idatzi ahal izateko gero. Proposamen tekniko eta ekonomikoak, eraikinaren erosotasuna eta irudia hobetzeko moduko eraikuntza konponbideak emanda eta etxebizitzen energi kontsumoak murriztuta..
Bi auzoetan ere, eraikinak aukeratzekoan kontuan izan genuena izan zen Donostiako beste alde batzuetara estrapolatzeko moduko esperientziak bildu ahal izatea. Jo, berriz, finka-administratzaile eta auzo elkarteetara jo genuen, eta interesa zuten elkarteak eta fatxadetan, estalkietan edo galdaretan berrikuntzak egin nahi zituztenei eman genien lehentasuna.
Egindako ikerlanak bi txostenetan bildu ditugu, eta alderdirik nabarmenenak jasotzen dituzten laburpen batzuetan ere bai. Horrekin batera, azkar-azkar irakurtzeko moduko esku-orri bat ere prestatu dugu, jabe eta jabekide erkidegoentzat bereziki, bi azterlan horien alderdirik inportanteenak jasotzeko.
Azkenik, Udalaren webean ere jarri dugu, herritarren eta enpresen esku, Etxebizitza eraikinen energia birgaitzearen kostu eta aurrezkien kalkulagailua. Tresna informatiko horren helburua da fatxadak eta inguratzailea (estalkia, zurgintza eta abar) berritu nahi dituzten jabeei laguntzea energia aldetik birgaitzeak dakartzan onurak ikusten. Era beran, aholkularitza teknikoa eta profesional eta enpresa batzuei aurrekontuak eskatzeko bidea ere emango die aplikazio horrek jabeei eta jabekideen erkidegoei.
Emaitzak eta ondorioak
Aztertutako kasu praktikoetatik birgaitzeaz ateratako ondoriorik inportanteena da inguratzailea birgaitzekoan energia irizpide batzuk erabiliz gero, ia segituan amortizatzen dela egindako inbertsioa, lortzen diren energia aurrezkiei esker, eta, hori dela eta, funtsezkoa dela teknikariek eta erakundeek energia alderdiak sustatzea eta pizgarri batzuk jartzea.
- Neurririk eraginkorrenak kanpoko paretak eta estalkiak isolatzen dituzten neurriak dira, eta, zer eraikin mota eta eraikuntza konponbide erabiltzen den alde bat badagoen arren, %15-40 bitarteko aurrezpenak lortzen dira. Gehien aholkatzen den neurria kanpoko aldetik isolatzea da, ez duelako ez zubi termikorik ez eta kondentsaziorik ere izaten uzten.
- Kalitate handiko beirazko leihoak jartzea ere oso neurri inportantea da birgaitzekoan. Izan ere, %10-30 bitarteko aurrezkia ekartzen du eta asko hobetzen du etxebizitzaren erosotasuna ere, airearen infiltrazio maila eta leihoen irradiatze tenperatura kontrolatzen dute eta.
- Etxea eta ura berotzeko sistemak, berriz, 1998 baino lehenagokoak izanez gero, aldatzea da ona, eta kondentsaziozko gas galdarak jartzea, erregulazio eta kontrol sistema batzuekin, funtzionamendua optimizatu eta erregai fosil horren kontsumoa gutxitzeko.
Energia birgaitzeak etxebizitzaren kalitatea hobetzea dakar, nola energiaren aldetik begiratuta hala erosotasunaren aldetik begiratuta ere, eta baita kalifikazio energetikoa hobetzea ere. Eta, horiekin, etxebizitzak gehiago balio izaten du eta, askotan, azkar asko berreskuratzen da egindako inbertsioa.
Dokumentuak jaisteko
Eraikinen birgaikuntza energetikoari buruzko esku-orria
• Esku-orria
Amaran egindako azterketaren dokumentazio osoa
• Txosten osoa (gaztelaniaz)
• Txostenaren laburpena (gaztelaniaz)
Bidebietan egindako azterketaren dokumentazio osoa
• Txosten osoa (gaztelaniaz)
• Txostenaren laburpena (gaztelaniaz)