Ezkerreko Bannerrak Phone Hidden

Artikutza-Bisita gidatuak

Bisita gidatuak

Donostiako Udalak eskaintzen duen Artikutza Natura programa barruan daude bisitaldi horiek. Udalak enpresa bat kontratatu du, gidari lanak egiteko.

Bisitaldi gidatua egin nahi izanez gero, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen, bisita programatu bakoitzaren deskribapenean aurkitzen den izen-emate online formularioren bitartez edo beste bide hauen bitartez:

artikutzanatura@donostia.eus edo telefonoz 679 613 016 (astelehentik ostegunera, 11:00tik 16:00ra)

 

Bisita gidatu programatuak

Urte osoan zehar antolatzen dira bisita gidatuak, baina eguraldiaren araberako azken uneko aldaketak gerta daitezke. Hemen agertzen den programazioa hilean behin eguneratzen da.

TARIFAK:

  • 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
  • 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako.

Bertan ordaintzen da, eskudirutan.

 

PROGRAMAZIOA:

1. Artikutzako auzoa eta Ugaldeko presa 

  •  Data: Irailak 1
  • Hizkuntza: elebitan 
  • Luzera: 6 km inguru
  • Desnibela: laua
  • Zailtasuna: erraza

Azalpenak

Artikutza uraren sinonimoa da, eta oraingo honetan uraren hornidurarekin lotutako azpiegitura zaharrenetako bat bisitatzea proposatzen dugu.
Ibilbide laua eta erosoa da. Artikutzan hasiko gara, ibaiaren ibilguari jarraituz. Donostia urez hornitzen zuen kanalaren gainean ibiliko gara, eta funtzio horrekin lotutako hainbat instalazio ikusiko ditugu. Ugaldeko presan ibaia gurutzatuko dugu beste ertzetik itzultzeko.

Mapa

Izen-ematea

 

2. Eskas, Elutsa eta Erroiarri 

  • Data: irailak 8
  • Hizkuntza: elebitan 
  • Luzera: 9 km inguru
  • Desnibela: 400 m.
  • Zailtasuna: ertaina

Azalpenak

Eskasetik abiatzen den ibilbide zirkular honek, balizatutako bi bide elkartzen ditu. Eskasetik hasita Napar Bidetik abiatuko gara. Burnaiztegiko leporaino. Hemendik Bidango zabalera iritsiko gara eta bertan harrespilak eta historia aurreko aztarna ezberdinak ikusteko aukera izango dugu. Elutsako leporaino hurbilduko gara hamaiketakoa hartzera, tokiak eskaintzen duen Artikutzako basoaren ikuspegiaz gozatzen dugun bitartean.

Eskasera bueltatzeko beheranzko bidea hartuko dugu Elizmendiko bide nagusiarekin topatu arte. Bide honek Erroiarriko ur-jauzia ikusteko aukera eskainiko digu eta izen bereko errekasto ederra ere. Egurrezko bi zubitxo zeharkatu eta gero, gora egin eta berehala errepidera aterako gara. 

Mapa

Izen-ematea

3. Mintegixar eta trenbide zaharra 

  •  Data: irailak 29 
  • Hizkuntza: elebitan 
  • Luzera: 10 km inguru
  • Desnibela: 120 m.
  • Zailtasuna: ertaina

Azalpenak

Eskasetik hasita, 200 metro jaitsiko gara errepidetik eta eskuinetik hasten den bidea hartuko dugu. Mintegixar inguruan barneratuko gara, erreka ugarik zeharkatzen duten leku ilunean. Eremu horretan hagin populazio garrantzitsua dago, zuhaitz berezia eta eta nahiko urria dena; bertan ikusiko ditugun ale batzuek 400 urte baino gehiago izan ditzakete. Populazio hori zaindu eta hobetzeko egin diren lanen berri emango dugu.

Mintegixarren pistak errepidera eramango gaitu berriro. Horti meatze-trenbide zaharraren trazadura hartuko dugu, berriro Eskasera itzultzeko.

Mapa

Izen-ematea

Ohar orokorrak:

  • Irteerak 9:00etan hasiko dira.
  • Ibilbidearen arabera, Eskaseko parkinga edo Artikutzako auzoa izango dira elkarguneak.
  • Nahiz eta ibilbideek zailtasun teknikorik ez izan, komenigarria da mendirako zapata egokiak eta hotzerako arropa eramatea, eta horrez gain jateko zerbait ere bai.

Aholkuak:

  1. Ibilbide hauek ez daude gaitasun fisikoak hobetzeko prestatuak, naturak Artikutzan eskaintzen dizkigun aberastasunez jabetzeko baizik.
  2. Geldialdiak egingo dira ibilbidean zehar, ingurunea ezagutu, usaindu, ukitu, entzun eta paisaiaz gozatzeko, besteak beste; hamaiketakoa egiteko geldialdi teknikoa ahaztu gabe, noski!
  3. Ibilbide guztietarako mendiko botak eramatea gomendagarria da.    
  4. Zira edo txamarra eramatea aholkatzen dizuegu, mendian eguraldi aldaketak maiz gertatzen baitira. Eguraldi txarra dagoen kasuetarako, aldatzeko arropa eramatea ere gomendatzen da.
  5. Jateko eta edateko zerbait eramatea komenigarria da, auzoan kafe eta freskagarri makina besterik ez dago eta.
  6. Sortutako ZABOR GUZTIA biltzea eskatzen dizuegu mesedez, (fruta hondakinak eta azalak barne)
  7. Mendi bideak izan arren, ez dute zailtasun handirik, osasun arazorik ez badago behintzat. Aukeratu baino lehen begiratu ibilaldien deskribapen orrian luzera eta desnibela.
  8. Makilak edo bastoiak lagungarriak dira maldetan.

Neurrira antolaturiko bisitaldiak

Artikutza gida batez bisitatzea kontratatu dezakete 8 eta 25 lagun bitarteko taldeek.

Ibilaldiak Artikutzako historia, ezaugarriak eta natura bikaina ezagutzeko interesa duten taldeentzakoak dira. Familientzako bereziki diseinaturiko aukera bat dago.

Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke. Hartarako, gorago aipaturiko bidea erabilita, eguna, ordua eta baldintzak zehaztu beharra dago.

TARIFAK:
15 pertsona arteko taldeak: 62,79€ taldeko.
15. pertsonatik gora:

  • 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
  • 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako.