Udalak Artzak Ortzeok elkarteari eman dio hiriko bandera
Bandera Intxaurrondo kaleko elkartearen egoitzan egongo da
Donostiako alkate Eneko Goia Intxaurrondoko Artzak Ortzeok elkartean izan da gaur goizean eta, bertan, San Sebastian eguneko bandera pertsonalizatua eman dio Aingeru Ibarzabal elkarteko bazkide beterano eta aktiboenetakoari, Karlos Aldaz elkartearen presidentearen eta Zuzendaritza Batzarraren zein Danborradako Batzordearen kideen txaloen artean.
Artzak Ortzeok elkartea 2021ean 100 urte bete zituen. Udalak mendeurrena dela-eta San Sebastian egunean Konstituzio plazan igotzen den bandera emateko erabakia hartuta zuen. Covid19ak eragindako osasun larrialdiak, aldiz, San Sebastian eguneko ospakizun gabe utzi zuen hiria, eta ondorioz Udalak bandera eskaintza hau San Sebastian eguna ospatzeko aukera izan arte atzeratu zuen.
Horiek horrela, 2023ko San Sebastian eguna ospatzeko arazorik ez zegoela ikusi zenean, Udalak 2021eko erabakiari eutsi dio eta Helduen danborradaren aurkezpenean iragarri zuen Artzak Ortzeok elkartearentzat izango zela aurtengo bandera.
Eneko Goiak elkarteko kide guztiak zoriondu ditu eta eskertu die mende honetan Intxaurrondon komunitatea egiteko egin duten lana: “Beti izan da ezaguna Artzak Ortzeok elkartea, arrazoi askorengatik, guztiak onak. Sukaldaritza, Kirola, Kultura eta beste hainbat esparrutan lan handia egin duzue, auzotarren inplikazio hadiarekin. Eta horri esker gaude gaur hemen”.
Goiak segidakoa azpimarratu du: “Danborrada ere hiriko zaharrenen artean dago. 1956.urtean sortu zen, eta orduz geroztik, auzoko kaleak alaitzen dituzue urtarrilaren 20ean eguerditik aurrera. Eskerrik asko ohitura mantentzeagatik. Horregatik, eta mendeurren osoan egindako lanagatik hementxe duzue Donostiako bandera”.
Pertsonalizatutako hirugarren bandera
San Sebastian egunaren harian pertsonalizatutako lehen hiriko bandera Union Artesanari eman zion Udalak 2020an bere 150.urteurrena zela-eta. Presidenteak jaso zuen bandera Konstituzio plazan bandera jaistearen ekitaldiaren ondoren, eta Alde Zaharreko kaleetatik barrena eraman zuten euren egoitzaraino.
2021ean, aldiz, Konstituzio plazan modu oso berezian igo zen bandera ESI Donostialdeako langile guztiei eskerrak emateko balio izan zuen. Oraingoa, beraz, pertsonalizatutako hirugarren bandera izan da.
2023/01/27-an argitaratua