Donostiako Udalak bat egiten du Askatasun Afektibo-Sexualaren Egunarekin

Adierazpen Instituzional bat irakurri dute, eta prestakuntza-, sentsibilizazio- eta ikusarazteko jarduerak antolatu dituzte.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalbatzak aho batez onartu du ekainaren 28an ospatuko den LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta egindako Erakunde Adierazpena.

Udal-talde guztietako ordezkariek Erakunde Adierazpena irakurri dute udaletxeko terrazan, ostadarraren koloreko alfonbra handiaren gainean. Duela urte batzuez geroztik, alfonbra handi hori udaletxeko sarrerako eskaileretan zabaltzen da, LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldeko borrokaren babesa eta aintzatespena sinbolizatzeko. Era berean, egun horretan, udaletxeko erdiko balkoian ere kolektiboaren bandera kolore anitza jartzen da.

Donostiako Erakunde Adierazpenaren bidez, Donostiako Udalak «bat egiten du berdintasunerako duintasunerako eta sexu edo genero-identitatearen garapen askerako eskubidearen defentsa garbian».

«LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira eta izango dira beti» gehitzen du Adierazpenak, eskubide horiek aitortzeko erakundeek eta pertsonek egindako lanari balioa emanez.

Jarrera LGTBIfobikoen aurrean erabateko arbuioa adierazi eta horiek desagerraraztearen alde lan egiteko duten borondatea berretsi eta gero, udal-taldeek adierazten dute «beharrezkoa dela adostasun zabalak lortu eta ehuntzea, beharrezko neurriak –legegintzakoak, administraziokoak eta bestelakoak– har daitezen, Administrazioaren edozein mailatan sexu-orientazioan edo genero-identitatean oinarritutako tratu diskriminatzailea debekatu eta ezabatzeko».

Cristina Lagé Aniztasuneko, Inklusioko eta Berdintasuneko zinegotziak gogorarazi du Donostiako Udalak lanean diharduela askatasunean eta aniztasunean oinarritutako bizikidetza-esparru bat eraikitzeko, sexu- eta genero-aniztasuna ere kontuan hartuta.


Ikusgarritasuna eta formakuntza




Horrez gain, jardunaldi hori ikusarazteko, honako jarduera hauek egingo dira:

• Donostia Kulturako udal liburutegiek sexu eta genero aniztasunari buruzko liburu sorta eskainiko dute maileguan.
Kursaala kolore anitzeko banderarekin argituko da.
Kartelak jarriko dira DBuseko autobusetan eta hainbat udal instalaziotan.

Halaber, egun horien inguruan, sexu eta genero aniztasunari buruzko prestakuntza emango diete udaleko langileei.

Bestalde, LGTBI+ arloan lan egiten duten elkarteek manifestaziora deitu dute. Alderdi Ederretik abiatuko da, 19:00etan.

Prentsako oharra

2024/06/28-an argitaratua