Infernua urbanizatzeko proiektua onartu da

Gunearen hiri berroneratzea ahalbidetuko du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio Infernuko eremua urbanizatzeko proiektuari, 13.081.674 euroko aurrekontuarekin. Egikaritze epea 18 hilabetekoa izango da, fase desberdinetan egingo diren eraikuntza lanekiko koordinazioaren baldintzapean.

Eneko Goia alkateak gogorarazi du proiektu honek eremu degradatu baten hiri berroneratzea dakarrela, antolamendu mistoaren alde eginez, non bizitegi erabilerak zein hirugarren sektoreko erabilerak egongo diren, eta horrek, gainera, hiriaren sarreretako bati irudi berri bat ematen lagunduko duela.
Jarduketa Integratuaren Eremu honetan, argi bereizitako bi eremu proposatzen dira:
  • Hirugarren sektoreko erabilerako eremua, Zuatzura doan Zubiberriko bidearekin lotzen dena, eremuaren hego-ekialdeko muturrean, eta biribilgune berritik zuzeneko sarrera duena, 8.130 m2-ko sabai tertziario eraikigarriarekin.
  • Bizitegi eremua, 46.025 m2-ko sabaia duena, hirugarren sektoreko erabilerako eremu berriaren eta lehendik dagoen kontzesionarioaren arteko lurretan, eta hirugarren sektoreko merkataritza erabilerako beste 1.845 m2-rekin beheko solairuan. Bizitegi eremu horretan 540 etxebizitza aurreikusten dira, 270 babes publikokoak eta 270 etxebizitza libreak.

Inguruko bideak biribilgune berri batean oinarritzen dira. Biribilgune horrek egungo lotune semaforizatua ordezkatuko du, eta biribilgune semaforizatuaren tipologia izango du. Bertan, GI-20 errepidearen lotunea osatzen duten hiriko sarrera eta irteera bideek bat egiteaz gain, bi lotune berri txertatzen dira, bata Zuatzuko enpresa parkearekin zuzenean lotuko duena eta bestea Errotaburuko Xabier Lizardi kalearekin lotuko dena.

Biribilgune horren diseinuari esker, hiriaren erdigunetik zuzenean eta arin sar eta irten daiteke, puntako orduetan zirkulazio handia duen eremu batean biribilgunean sartzea saihestuz.

Bidegorriei dagokienez, bi ibilbide bereiztuta daude inguruan.
  • Alde batetik, Tolosa hiribidearen beste aldetik doan bidegorri bat dago, Añorgara iritsi arte auzoz auzo dijoana.
  • Bestalde, Antigua auzotik eta unibertsitateen eremutik datorren beste bidegorri bat dago, Xabier Lizardi kaletik Infernuko eremura iristean desagertzen dena. Horri jarraipena eman nahi zaio eremu osoa zeharkatuz Zuatzuko enpresa parkera bidean jarraitzeko.
Proposatutako bide aldaketak, gainera, argi eta garbi hobetzen du eremu horretako oinezkoentzako irisgarritasuna, bai egiten den ibilbide kopurua handitzeagatik (Xabier Lizardi kalea luzatzean, errekaren ondoan parke lineala sortzean, etab.), bai ibilbide horien kalitateagatik.

Proiektuaren beste helburuetako bat eremua zeharkatzen duen urbidearen balioa nabarmentzea da, gaur egun lurpean baitago ibilbidearen zati handi batean. Planteatutako irtenbidea urbidaren ingurumenaren hobekuntza da, eta aire zabalera aterako da.

Turismo Bulegoa


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Udaletxeko beheko solairua eraberritzeko eta bertan Turismoaren Arretarako Bulegoa egokitzeko proiektuari dagozkion obrak gauzatzea xede duen kontratazio espedientea. Lizitazioaren aurrekontua 1.460.021 eurokoa da eta kontratuaren gauzatze epea 8 hilabetekoa.

Erdiguneko ur sarea


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Erdialdean ura banatzeko sare nagusia berritzeko obren proiektua (Askatasunaren hiribidea-Miracruz kalea tartea). Proiektuak 722.981 euroko aurrekontua du, eta 4 hilabeteko epean egitea aurreikusten da.

Kontxako baranda


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du kostako horma konpontzeko eta handitzeko eta Kontxako pasealekuko baranda ordezteko proiektuan jasotako obrak kontratatzeko espedientea, Errege Etxearen eta Antiguako tunelaren artean – II-B fasea –. Lizitazio aurrekontua 793.672 eurokoa da, eta gauzatzeko epea 5 hilabetekoa.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/03/22-an argitaratua