Udalbatzak behin betiko onartu du IGEa arautzen duen Ordenantza

Onarpenaren iragarkia GAOn argitaratu ondoren, 3 hilabeteko epea irekiko da herritarrak arau berrira egokitzeko

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Udalbatzak gaur goizean onartu du behin betiko Donostiako Isuri Gutxiko Eremua (IGE) arautzen duen ordenantza, eta, horrela, Ordenantza martxan jartzeko azken izapide administratiboa osatu da. Datozen egunetan argitaratuko da akordioa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta indarrean sartuko da.

Orduan, egokitzapen- eta informazio-aldi bat hasiko da, herritarrak erregulazio berriarekin ohitu daitezen eta zuzeneko baimenik ez duten pertsonek dagokion baimena izapidetu ahal izan dezaten. Baimen hori web orrian zein IGEaren bulegoetan izapidetu ahal izango da.

Urtarrilean jarriko dira martxan sarbide-kontroleko kamerak, eta urtarrilean eta otsailean araudia betetzen ez duten pertsona guztiek informazio-jakinarazpen bat jasoko dute, arau-hauste bat egin dutela jakin dezaten.

Eta martxoan zehar, Ordenantza betetzen ez duten ibilgailuei isunak jartzen hasiko zaie, IGEaren lehen fasea erabat hasita egongo baita. Lehenengo fase honetan, 2025etik 2027ra bitartean, ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuak ezin izango dira eremura sartu, salbu eta baimen zuzena duten salbuespenezko kasuetan eta baimen puntuala, aldi baterakoa edo iraunkorra eskatu ahal izango den beste kasu batzuetan. 2028tik aurrera, bigarren fasean, ingurumen-etiketarik ez duten edo B etiketa duten ibilgailuak ezin izango dira IGEra sartu, salbuespenezko kasuetan izan ezik.

Etiketarik gabeko ibilgailuen artean, inolako izapiderik egin beharrik gabe zuzeneko baimena izango dutenak honako hauek dira: IGEan erroldatuta dauden eta DGTn erroldatutako helbidea eremuari dagokion ibilgailuak (bigarren fasean ez dira baimenduko etiketarik gabeko ibilgailuak, 70 urtetik gorako egoiliarrentzat izan ezik), IGEan erroldatuta ez dauden baina salbuespenezko TAO araubideei lotutako baimena duten pertsonen ibilgailuak (mugikortasun murriztua eta jarduera ekonomikoak), DGTk historikotzat jotako ibilgailuak eta taxi edo gidaridun garraio-ibilgailuak (bigarren fasean ez da etiketarik gabeko ibilgailurik baimenduko taxien eta VTCen kasuan).

Proiektu honi hasierako onarpena eman zitzaionetik, aldaketa txiki batzuk sartu dira dokumentuaren idazketan, eta "osasunarekin loturiko lanak" sartu dira eremuko pertsonek edo jarduerek eska ditzaketen ohiko zerbitzuen edo errepikarien artean. Zerbitzu horiek lehenengo fasean sartzeko baimena izango dute eskatzen badute.

Informazio guneak


Udalak herritarrei informazioa eta arreta emateko hainbat bide jarri ditu martxan, hala nola herritarrek Isuri Gutxiko Eremuari buruz dituzten zalantzei erantzuteko bulego bat, telefono bidezko arreta eta tramiteak online egiteko webgune bat.

Arroka plazako 5. zenbakian dagoen bulegoak datozen 6 hilabeteetan 4 arreta-postu izango ditu, IGEari buruzko informazioa emateko eta behar diren izapideak aurrez aurre egin nahi dituzten pertsonei laguntzeko.

Erreferentzia-puntu hori astelehenetik ostiralera egongo da irekita, 9: 00etatik 14:00etara (asteazkenetan ere 16:00etatik 18:00etara), eta, gainera, Udalinforekin harremanetan jartzeko ohiko zenbakiaren bidez telefono bidezko laguntza eskainiko du (010 – 943481000, udalerritik kanpo).

Telefono bidezko arretaren kasuan, Udalak laguntza birtualeko sistema bat gaitu du bulegoak itxita edo linea guztiak okupatuta daudenean arreta emateko, etengabeko zerbitzua bermatzeko helburuarekin.

Aurrez aurreko eta telefono bidezko arretaz gain, Udalak donostia.eus/zbe webgunea gaitu du Isuri Gutxiko Eremuari buruzko informazio guztia eskaintzeko, eta, gainera, baimenak eskatzeko izapideak egiteko bidea izango da, beharrezkoa izanez gero (ezingo da izapiderik egin behin betiko indarrean sartu baino lehen).

2024/11/21-an argitaratua