Miramongo bi euste-urmael berriek Amarako uholde-arriskua murriztuko du

Pakea eta Altzaerreka erreketan eraiki dira, horien bidez, uraldien bolumena murrizteko eta Urumeara iristen den uraren kalitatea hobetzeko.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak bi euste-urmael eraikitzen amaitu du Pakea eta Altzaerreka erreketan, Miramongo basoan. Hiriko drainatze-sistema naturalaren funtsezko puntuak dira horiek. Esku-hartzearen helburua da Amara auzoaren uholde-arriskua murriztea eta Urumea ibaira isurtzen den uraren kalitatea hobetzea.

Girder Ingenieros enpresak idatzi zuen proiektua, Udaleko Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendaritzak hala eskatuta, eta ‘Ibai-ekosistemak lehengoratzeko eta hiri-inguruneetan uholde-arriskua murrizteko jarduketak’ estrategiaren parte da. Estrategia hori 2022an hautatu zen, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitate Fundazioaren laguntzen barruan, NextGeneration EU Europako funtsekin finantzatuta.

Carlos García Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu bezala, "jarduketa horrekin bi helburu lortu nahi izan dira: alde batetik, uraldiak geruzetan banatzea, euri-jasen pareko aldi bihurtuz, kolektoreen edukiera gaindi ez dadin eta Amaran uholderik sor ez dadin; eta, bestetik, Urumeara iristen den ur-bolumena murriztea eta ur horren kalitatea hobetzea, era horretan, ibaiaren ingurumena babesten laguntzeko”.

Pakea Erreka

  • Pakea errekan euste-urmael bat sortu da eta 480 metro kubikoko gehieneko edukiera du.
  • Oinezkoen pasabide batetik ibaian behera dago kokatuta, erreka GI-20 errepidearen azpian lurperatu baino lehen.
  • Paisaiari dagokionez, harri-lubeta begetatuaren bidez dago integratuta egitura, eta ohiko emari ekologikoa igarotzea ahalbidetzen du.
  • Euri-jasa handiak daudenean baino ez da kargatuko urmaela, puntako ur-emariei eusteko. Horrela, uraldiak kontrolatu ahal izango dira, oinezkoen pasabidea urez bete ez dadin.

Altzaerreka Erreka

  • Altzaerreka errekaren kasuan, edukiera handiagoko urmael bat sortu da: gehienez ere 901 metro kubikoko euste-bolumena du.
  • Miramongo errepideko azpiko lurperatzetik ibaian gora dago kokatuta, eta uraldiei eusteko diseinatuta dago, bidegorria eta inguruko eremuak babesteko.
  • Pakean bezala, natura-ingurunean integratzen da egitura, inpaktu txikiko eta landaredi biziko eraikuntza-soluzioen bidez.

Bi jarduketek ur mailaren sentsoreak dituzte, horien bidez erreken portaera hidraulikoa etengabe kontrolatzeko. Jarduketak hiri-basoaren ingurunea zorrotz errespetatuz egin dira, eta makineria astuna erabiltzeko orduan mugak ezarri dira, dagoen landarediari kalterik ez egiteko.

Obraren aurrekontua 821.800,57 eurokoa izan da, BEZa barne, eta aurreikusitakoa baino egikaritze-epe laburragoa izan du, 5 hilabetetik 3 hilabetera pasatuz.

2025/12/22-an argitaratua