Musika eta Dantza Eskolak Ausartu! abestiaren bideoklipa aurkeztu du

Sexismoaren aurkako eta berdintasunaren aldeko aldarria

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Sexismoaren aurkako eta berdintasunaren aldeko aldarria, Ausartu! Eskolako irakasle emakumeen konboak sortu eta grabatu du eta bideoan adin ezberdinetako 38 ikasle, irakasle eta langile agertzen dira, denak ere emakumeak.

Eskolaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren ardatzak garatuz Berdintasun Batzordeak 2022-23 ikasturterako ezarritako helburua zen abestia eta bideoa zabaltzea, neskak eta emakumeak musika modernoa jotzera bultzatzeko asmoarekin.

Izan ere, berdintasunerako bidean aurrerapausoak eman badira ere, musikaren alorrean genero estereotipoek indar handia dute, eta maila handi batean baldintzatzen dute pertsonek joko duten instrumentu edo musika estiloaren aukeraketa.

Horren erakusgarri dira Donostiako Musika eta Dantza Eskolaren matrikulazio datuak. Orokorrean, Eskolan musika irakasgaietan matrikulatutakoen % 51,46 dira emakumeak. Musika modernoan, aldiz, azken ikasturteetako matrikulazioan gutxiengo diren espezialitateetan sartzeko lehentasuna izan duten arren, 2023ko martxoan, emakumeak oraindik ere % 28,56 baino ez dira musika modernoko comboetan, % 15,38 Big Bandetan, % 23,96 baterian, % 28,30 gitarra elektrikoan eta % 33 baxu elektrikoan.

Egoera iraultzeko asmoarekin eta prozesuan ereduak gehitzeko asmoarekin, musika klasikoan, beste instrumentuetan eta dantzan trebatutako emakume irakasle talde batek konboa sortu zuen 2021. urtean, egunerokoan jorratzen dituzten instrumentu eta musika estiloez gain musika modernoan aritzeko, genero eta adin estereotipoak hautsiz. Beatriz Hurtado irakasleak gidatuta, azken 2 ikasturteetan blues, rock eta pop errepertorioa landu ondoren, aurten sormenari bide eman eta Ausartu! abestia sortu eta grabatu dute.
Ausartu!
Zure bidea hartu
Ausartu!
Zure tokia hartu
Ausartu!
Zure bizitza hartu
Ausartu!




Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako emakume irakasleen konboa dira: Beatriz Hurtado, Ana Remiro, Mari Paz Lumbreras, Garbiñe Arruabarrena, Nerea Riveiro, Karmele Iriarte, Mayu Susperregi, Jaione Telleria eta Estibaliz Otxoteko.

Bideoan parte hartu dute: Enara, Maite, Maier, Irati, Angela, Marina, Laida, Sara, Clara, Olivia, Uxue, Sara, Maialen, Irati, Ane, Maialen, Ane, Begoña, Nieves, Irene, María, Miren Koro, Marian, Marta, Careeen, Cecilia, Judith eta Olatz.


Irudiaren arduraduna: Amaia Rascón
Soinu Teknikaria: Unai Moraza
Laguntza Teknikoa: Henrike Altuna
Grabaketa: Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola, Dabadaba aretoa, Aiete-Miramongo anfiteatroa, Roman Irigoien plazatxoa.

2015. urtetik, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola Berdintasun gaiak lantzen ari da Donostiako Udaleko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana ardatz hartuta.

2022. urtean, Eskolak Emakumeen eta gizonen Berdintasunerako I. Plan propioa onartu du, ondorengo jarduera ardatzak ezarriz:

1.- Plangintza, kudeaketa, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.
2.- Hezkuntza jarduera eta sentsibilizazioa
3.- Plazen eskaintzaren kudeaketa
4.- Espezialitate feminizatuak (Dantza eta musikako irakasgai batzuk)
5.- Espezialitate maskulinizatuak (Musika modernoa, Haize Metalezko instrumentuak eta Txistua)

Informazio gehiago: www.donostiaeskola.eus

2023/03/08-an argitaratua