Donostiako Udaleko txistulari taldearen kontzertua, 1813ko gertakarien oroimenez

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udaleko Txistulari Bandak, Donostia Eguneko festaren aurreko igandean, urtarrilaren 13an, kontzertu berezia eskainiko du, udaletxeko Udalbatza aretoan. Azken urteotan bezala, sarrera doakoa izango da, eta interesdun guztiek sartu ahal izango dute, edukiera bete arte.

Oraingo honetan, Donostiaren suntsiketa eta ondoren berreraiki eta birsortzea erabaki zeneko Bigarren Mendeurrena dela eta, Txistulari Bandak 1813an gertatutakoa izango du gogoan, baita Raimundo Sarriegi musikari maitagarriaren heriotzaren mendeurrena ere. Jose Juan Santesteban musikaria urtarrilaren 13 batean hil zela eta, leku berezia egingo diote programan. Gainera, Donostia txiki hura inguratzen zuten harresiak bota zirenetik 150 urte beteko dira eta hori ere gogoraziko dute. Kontzertua Bigarren Mendeurrena oroitzeko programazioaren barruan dago, eta lehenengo mugarriaren aurretik egingo den arren, horrekin lotuta antolatu da.

Kontzertuan, Donostiako antzinako himnoa interpretatuko dute. Konposizio hau, 1813an hiriko ereserkia zena, Jose Juan Santesteban musikariak bildu eta moldatu zuen. Hain zuzen ere, himnoa berreskuratzea izango da Bigarren Mendeurrenaren lehenengo mugarria. Donostia egunaren bezperan, Alderdi Ederren, helduen eta haurren konpainietako mila danborrarik baino gehiagok Donostiako antzinako himnoa joko dute.

Txistulari Bandak hainbat laguntzaile izango ditu kontzertuan: Gurutziaga Eskolako Korua eta inguruko beste hainbat txistulari, Aiert Beobide dantzaria, Jon Ansorena txistulari bakarlari gaztea, Haizea Muñoz, Iker Casares eta Xabier Saldias kantariak. Eskolako Lorezainen Konpartsa ere tartean izango da. Donostiar gazteenak ere tartean izango dira, Kresalako Haurren Danborradak, hain zuzen ere, festaren hurbiltasuna aldarrikatuko baitu.

2013/01/11-an argitaratua