Donostiako gazteentzako 'Residencias Ekinn' programaren edizio berri bat abian da

Tokiko 16 gaztek aldi baterako eta txandaka hartu ahal izango dute ostatu Ekinn edo Talent House eraikinetan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, “Residencias EKINN” programa jarri du martxan berriro. Helburua Donostiako talentu gazteari ostatua eskaintzea da, bai ekintzailetza-proiektu berritzaile batean lanean ari direnei, bai tokiko enpresa berritzaile batean proiekturen bat garatzeko kontratatzen dituztenei.

Horrela, 6 hilabetetik 2 urtera bitartean ostatua ematen zaie gure hirian profesionalki garatzen ari diren gazte donostiarrei. Guztira, Donostia Sustapenak 16 apartamentu jarriko ditu Ekinn eta Talent House eraikinetan.

Baldintzak

Programa honetan parte hartu nahi dutenek motibazio-gutun bat aurkeztu beharko dute, 35 urte baino gutxiago izan beharko dituzte eta Donostiarekin lotura izan beharko dute honako aukera hauetako baten bidez:
  • Donostian jaio izana
  • azken 15 urteetan hirian erroldatuta egotea
  • Donostiako fakultate eta/edo unibertsitate-eskoletako batean titulazio ofiziala izatea eta azken 10 urteetan erroldatuta egotea

Gainera, Donostia Sustapenak azken bi urteetan abian jarri dituen ekintzailetza berritzaileko programetako batean parte hartu behar dute, edo, Udal Sozietateak Donostiako enpresen esku jartzen dituen gazte kualifikatuen kontratazio-programetako baten bidez kontratatua izatea.

Horrela, gazte ekintzaileek 1 eta 2 urte bitartean hartu ahal izango dute ostatu, eta tokiko enpresek kontratatzen dituztenek, 6 hilabete eta 2 urte bitartean. Alokairuko hobariak % 30 eta % 60 artekoak dira.
Residencias EKINN” programa Donostiako gazteentzako garapen-aukerak sortzeko eta prestakuntzaren, enpleguaren eta etxebizitzaren arloko neurriak hedatzeko Donostia Sustapena estrategiaren parte da, tokiko gazte-talentua erakartzeko eta fidelizatzeko. Estrategia horren barruan sartzen dira, adibidez, atzerrian egonaldiak eta bekak erraztea edo ekintzailetza sustatzeko ekimenak, EKINN + programari esker.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziarentzat, “Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, gure hirian talentu gaztea erakartzeko eta mantentzeko apustuan abian jartzen duen programa ugarietako bat baino ez da. Izan ere, ez zaigu ezertarako balio zientzia eta berrikuntza ekosistema indartsu bat izateak, gure ekintzaile gazteek beren bizi eta profesional proiektuak garatu ahal izateko baliabideak martxan jartzen ez baditugu. Neurri handia da beraien lan eta ezagutza guztiak balio erantsia izan dezan eta hirira itzul dadin”.

Erlazionatutako dokumentuak

2024/10/01-an argitaratua