Hiriko trafiko mozketen protokoloa

Joan-etorri handiko uneetan ibilgailuen saturazioari aurre egiteko

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak protokolo bat ezarri du hirian trafiko handia dagoen uneetan ibilgailuen saturazioari aurre egiteko, balizko kolapsoak saihesteko eta garraio publikoaren eta larrialdietako ibilgailuen pasabide arina bermatzeko.

Horrela, Mugikortasun Atalak trafikoa monitorizatzeko plan bat diseinatu du, hiriko hainbat puntutan aldizkako mozketak aktibatu ahal izateko.

Irizpideak

Mozketa protokoloa aktibatzeko hainbat irizpide finkatu dira, hainbat iturritatik lortzen den informazioaren arabera balioztatuko dena:
  • Hiriko hainbat tokitan ezarrita dauden kamerak
  • Erdiguneko aparkalekuen okupazioa denbora errealean
  • Operatiboaren koordinatzaileak kalean bertan jasotzen duen informazioa

Informazioa balioztatu ondoren, eta horrek aparkalekuak eta hirira sartzeko bideak gainezka daudela adierazten duenean, koordinatzaileak trafiko fluxuak hiriko beste toki batzuetara desbideratzen dituen operatiboa aktibatzen du. Desbideraketa hau Illunbeko disuasio aparkalekura egiten da batez ere.

Mozketa puntuak

Horretarako, hainbat mozketa puntu ezarri dira, baina horiek aldatu ahal izango dira ikusten diren trafiko fluxuen arabera:
  • Ategorrieta
  • Jai Alai
  • Iztueta
  • Frantzia pasealekua
  • Federico García Lorca
  • Jose Antonio Agirreren zubia
  • Pablo Gorosabel
  • Bizkaia pasealekua
  • Pio XII.a
  • Aldapeta
  • San Roke
  • Pio Baroja
  • Antiguako tunela
  • Zumalakarregi

Mozketa hauek puntualak izango dira eta hiriaren egoera orokorraren arabera aktibatuko dira. Hala eta guztiz ere, inguratutako gunera sartu behar duen ibilgailu orok pasa ahal izango da, dagokion agenteari horren beharra azalduz.

Kontsultatu hiriko aparkalekuen okupazioa denbora errealean.

2023/08/01-an argitaratua