Txistulari Taldeak kontzertu denboraldia amaituko du San Ignazio eguneko kontzertuarekin

Kontzertua Plaza berrian eskainiko dute 12:15etatik aurrera. 13:00ak aldera Amaikak-bat elkarteko danborrada ere gehituko da emankizunera.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalaren txistulari taldeak kontzertu berezia eskainiko du asteazkenean, Gipuzkoako Patroiaren egunean. Horrekin 2023-2024 kontzertu-denboraldia amaituko du.

Datorren asteazkenean, San Ignazio eguna, 12:15etatik aurrera, Donostiako Udalaren txistulari taldeak kontzertua eskainiko du Gipuzkoako Patroiaren egunean. Txistulari taldearekin batera Amaikak-bat elkarteko danborrada eta Zubitxo dantza taldeko dantzariak ariko dira. Kontzertua Plaza berrian ospatuko da 12:15etatik aurrera eta 13:00ak inguruan gehituko zaizkie danborrada eta dantzariak txistulariei.

Txistularien ezohiko kontzertua Gipuzkoan barrena bidaia musikala eginez osatuko da. Seguratik Segurako goiza kalejirarekin abiatuta, Bedaio, Eibar edota Irun bisitatuko ditu bertako doinu esanguratsu hainbat eskainiz; azken geltokia Donostia izango da. Kalejira, dantza doinu, pasodoble edo fandango eta arin-arinek osatutako errepertorioa entzungo da kontzertuan.

Behin doinuak Donostiara iritsita, Donostiako antzinako himnoa izango da joko duten lehen doinua, Amaikak-bat elkarteko danborrada eta Zubitxo dantza taldeko dantzariek bat eginda txistulari taldeari. Jarraian, guztiek elkarrekin, Gipuzkoako himnoa, Idiarena eta San Ignazio Martxa eskainiko dituzte.

Kontzertua amaitzean, txistulari taldearen kontzertu-denboraldia ere amaituko da. Urritik uztailera bitartean udal taldeak eskaintzen dituen kontzertuak irailaren 29an itzuliko dira 2024-25 denboraldiari hasiera emateko.

Euskal kulturak bere hiru zuloko instrumentuari atera dion eta gaur egun ere ateratzen dion etekina erakusteko erakunderik egokiena da zalantzarik gabe Donostiako Udalaren Txistulari Taldea. Zaila da era laburrean talde honek dituen aukera guztien berri ematea. Bi alor oso desberdinetan ari daitezke taldeko musikariak, dantzarako jotzeaz gainera. Batetik, giroketa lanetan, edozein festaren inguruan behar den animazioa edo solemnitatea ematen, gertatzen den ekitaldiari indar musikala ematen edo jendea besterik gabe alaitzen. Eta bestetik, entzuteko modukoetan, kontzertuetan alegia.

Horrela, asteazkenean, uztailak 31a, San Ignazio Eguna, 12:15etatik aurrera Plaza Berrian kontzertu berezia gertatuko da, Donostiako Udalaren txistulari taldeak, Amaikak-bat danborradak eta Zubitxo dantza taldeak eskainiko dutena Gipuzkoa patroiaren egunean.

2024/07/19-an argitaratua