Udala eta Aranzadik argitaratu dute parke eta lorategietan biodibertsiatea sustatzeko gida

Hiriko berdeguneetan garatu beharreko kudeaketa-jarraibideak ezartzen ditu

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien Bulegoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 'Donostiako parke eta lorategietan biodibertsitatea hobetzeko kudeaketa bereiziaren gida' bat egin dute. Hiriko berdeguneetan garatu beharreko kudeaketa-jarraibideak ezartzen dituen gida bat da, eta hiriko toki horietan biodibertsitatea kontserbatu eta sustatzera bideratuta dago.

Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak balioa eman dio "Donostian, parkeen eta lorategien bidez goza dezakegun altxor naturalari. Azken urteotan, altxor hori hobetzen ari gara. Hobekuntza horrekin batera, biodibertsitatea indartu behar da, espazio horiek kokatuta dauden hiri-ingurunea kontuan hartuta, eta klima-aldaketak eragin ditzakeen ondorioak ahaztu gabe".

Hiriguneak dira, hain zuzen ere, klima-aldaketaren ondorioekiko espazio zaurgarrienak, eta, ondorioz, eremu urbanizatuetan biodibertsitatea galtzen da. Kontuan hartu behar da frogatuta dagoela hirietako berdeguneek herritarren osasun fisikoa eta mentala hobetzen dutela, eta, beraz, funtsezkoak direla gizarte-ongizatea sustatzeko.

Irizpide orokorren proposamena

Parke eta lorategietako biodibertsitatea kontserbatzeko kudeaketa bereiziari buruzko gomendioak bildu eta laburbiltzen ditu gida honek.

Olatz Aizpuruak, Aranzadiko biologo eta gidaren egilekideak, adierazi du "kudeatzeko modu bat espazioak erabileraren arabera zonifikatzea dela. Hiri-parke handi bat kudeatzeko orduan, esku-hartze ezberdinak egon daitezke: alde batetik, esku-hartze estua eta tradizionala, non, adibidez, maiz mozten den soropil-eremu bat dagoen eta lore apaingarriak landatzen diren; eta, bestetik, kudeaketarik gabeko esku-hartzea, baso-egitura natural bat birsortzeko".

Donostian badira parke eta lorategi batzuk, non mantentze-lan bereizi horiek egiten diren. Helburua da kudeaketa bereizi hori pixkanaka Donostia osora zabaltzea. Horretarako, beharrezkoa da parke eta lorategien kudeaketaz arduratzen diren teknikarien etengabeko prestakuntza egitea, eta aldi berean, herritarrak sentsibilizatzea. Gakoa da oreka aurkitzea herritarrek Donostiako parke eta lorategietatik espero dutenaren eta parkearen oreka naturalaren artean.

Kudeaketa-irizpideen proposamena

Gida honetan gomendatzen da zuhaitz-azalera handitzea, Donostiako zuhaitzen zahartze-prozesu naturala ahal den neurrian errespetatzea; egur hila eta orbela parkeetatik sistematikoki ez kentzea, ekosistemetan funtsezko eginkizuna dutelako; edo zuhaitzak dauden berdeguneetan habia-kutxen erabilera orokortzea, hegaztientzako eta saguzarrentzako babesleku izan daitezen.

Gainera, beste parke eta lorategiekin batera bestelako elementu interesgarri batzuk ere egotea gomendatzen da, hala nola hiri-hormak, putzuak eta hezeguneak, eta parke eta lorategien erabilera biodibertsitatearen kontserbazioarekin bateragarriak diren jarduerekin mantentzearen garrantzia ere azpimarratzen da.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/02/20-an argitaratua